“Etxe barik geratu naiz, eta Arrasateko alokairuak oso garestiak dira”

3
4054

Benauda gazteak 6 urte zeramatzan alokairuan San Josepeko etxean, baina atzo ondoko etxeko sute batek bizitokia kixkali zion. “Familia urrun daukat”. Udalak esan dio “hiruzpalau egun egon ahalko naizela hotelean, baina etxe edo logela baten bila has nadila”.

Atzo eguerdian sute batek bi etxebizitza kixkali zituen San Josepe auzoan, eraikin berekoak, harrobi ohitik gertu.

Etxebizitzetako batean familia bat bizi zen, eta bestean Benauda izeneko gaztea. Bertan alokairuan 6 urte zeramatzan.

Errentaren zenbatekoa ere zehaztu digu: “Hasieran jabeari 400 euro ordaintzen nizkion hilero, eta azken hilabeteetan adostu genuen alokairua 350 eurokoa izatea”.

Duela urtebete ondoko etxebizitzara, hau da, San Josepe baserri bereko beste etxebizitzara, familia bat bizitzera etorri zen, eta bertan piztu zen atzo eguerdian sua.

“Atseden hartzen nengoen eta halako batean oihuak entzun nituen. Etxetik kanpora irten nintzen laster batean, eta ikusi nuen ondoko etxeko leiho bati sua zeriola”.

“Upel batekin ura botatzeari ekin nion, leiho barrura, familiaren etxe barrura, baina sutea ordurako oso hedatuta zegoen. Nire etxetik traste batzuk atera ahal izan nituen, baina besteak kiskalita geratu ziren bertan”. Sutearen ondorioz “jabearen seme bat etorri zen eta atsekabetuta zegoen”.

Ezbeharraren ondorioz bera eta ondoko familia etxe barik geratu ziren, baina atzo gaua behintzat Arrasateko hotel batean igaro ahal izan dute. “Badirudi familiak Bilbon senideak dituela, eta beraz agian Bizkaiko hiriburuan laguntza jaso lezake”.

Benaudak, ordea, familia urrun dauka, eta “gaur goizean Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegora joan naiz. Esan didate hiruzpalau egun hotelean igaro ahalko ditudala, baina beste etxe edo logela bat bilatzen has nadila”.

Udaletik adierazi dute “lau familia unitateekin kontaktuan gaudela” eta laurak Arrasateko hotel batean daudela “alternatiba ezberdinak aztertzen ditugun bitartean”.

Arrasateko alokairuak beste udalerri batzuetan baino garestiagoa da “eta ez da hain erraza pisu bat edo logela bat aurkitzea. Nire herrikide batek bi hilabete daramatza horretan”.

Benaudak parrokiari ere laguntza eskatu dio, baina parrokiak erantzun dio bere jabetzako “etxe guztiak beteta daudela”. Era berean, Gurutze Gorriari ere deitu dio eta erantzun diote “lagundu ahal badidate deituko didatela”.

Beraz, pertsona honek ez daki hemendik egun gutxira non bizi ahalko den, “zubipera bizitzera joan beharko dut? Kinka larrian nago”.

3 IRUZKIN

  1. Zergatik es causa udalak emegentzietako Etxe bat? Lehen bazeukan. Haimbeste soldata igoera ( alkatesak%40 igo zuen bere soldata) era gero ez Dago larriealdiaetako diruril lotxagarria benetan

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen