Ausolan eta Sarea Fundazioek, Bastida Akademiarekin batera abiatu duten programa honen helburua, “Euskadiko pertsona eta kolektibo aukera gutxiagokoen artean talentua eta etorkizuna sustatzea” da. Horretarako, prestakuntza teknikoa eta praktikaldiak uztartuko dituzte.
‘Etorkizuna Sukaldatzen’ programa, Lanbide-ren Proiektu Berezien barruan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar Ekin Lanean programaren babesean eraman dute aurrera: “Proiektu hau ausarta eta berritzailea da, prestakuntza teknikoa eta lan-aukera errealak uztartzen dituelako. Horren bidez, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei bigarren aukera bat eskaintzen zaie, eta aldi berean, ostalaritza-sektorearen beharrei erantzuten zaie” esan dute arduradunek.
Sukaldaritzako prestakuntza oinarri
‘HOTR0108 Ostalaritzako Profesionaltasun Ziurtagiria: Sukaldaritza Oinarrizko Eragiketak’, ikastaro nagusia izango da ekimenaren ardatza, eta bi proiektuen barruan eskainiko da Bastida Akademiaren instalazioetan, 2025eko urritik 2026ko martxora bitartean. Hona hemen programaren egituraketa:
- 755 orduko prestakuntza teknikoa bi proiektuen artean.
- 80 orduko praktikaldia lan-eremu errealetan (2026/01/25 – 2026/04/30).
- Gutxienez 4 kontratazio bermatzeko konpromiso sendoa, honako lanpostuetan:
- Sukaldeko laguntzailea edo sukaldeko auxiliarra.
- Ostalaritza txikiko establezimenduetako langilea.
- Ekonomatu eta upeltegiko arduraduna.
“Gizarte-berrikuntzako ekimena”
Bastida Akademiak, Ausolan Fundazioak eta Sarea Fundazioak, osotu duten lankidetza, prestakuntza-proiektu bat baingo gehiago dela azaldu dute: “Gizarte-berrikuntzako ekimen eraldatzaile bat da. Formazioaren bidez, parte-hartzaileek ezagutza praktiko eta teorikoak eskuratzeaz gain, beren bizitza profesionala berrasmatzeko aukera izango dute”. Horrez gain, “inklusioaren eta enplegu duinaren aldeko apustua” ere egin dutela nabarmendu dute: “Proiektu honek frogatzen du formakuntzak ez duela soilik ateak irekitzen, baizik eta bizitzak aldatzeko ahalmena duela”.
Azkenik, lan merkatuak, profesional kualifikatuak eta balio sozial handiko profilak eskatzen dituen honetan, etorkizunera begira, horrelako formazioen garrantzia ere azpimarratu dute: “Ekimen honek erakusten du formazioa dela gizarte bidezkoago baten giltza, eta elkarlanaren bidez posible dela aukera berriak sortzea, etorkizuna eraikitzea eta talentua piztea”.





