“Etorkinei azaldu behar diegu euskarak euren seme-alaben etorkizunarentzat duen garrantzia”

6
785

Gorka Moreno adituak adierazi du gakoa “egun eskolan dago, eta etorkizunean kalean edo aisialdian”. Era berean, “euskarak euskaldun gehiago behar ditu”.

Argazkia: UPV.

Arrasateko Udalak antolatuta, ‘Immigrazioa eta euskara’ hitzaldia izan zen atzo arratsaldean Kulturaten.

Gorka Moreno Marquez-ek eman zuen hitzaldia, UPVko irakasle eta Ikuspegi behatokiko kide.

“Immigrazioaren eta euskararen arteko loturari dagokionez baikorra naiz”, baita EAEko biztanleak ere, Ikuspegiren inkesta baten arabera:

Immigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi izenekoak) urtero inkesta zabal bat egiten du, eta galderetako bat izan da “etorkinen etorrerak euskararen garapena geldiaraziko du?”.

Inkestatuen %71k ezetz uste zuten, eta %25ak baietz. “Probokazio puntu batekin galdetu nahi dut ea ez ote diegun etorkinei bertakoei baino gehiago eskatzen, etorkinei euskara ikas dezatela eskatzean?”.

Beste galdera bat jarri zuen mahai gainean atzoko hitzaldian: “Lehen belaunaldiko etorkinek euskara ikasiko dute? Nire ustez ez, nahiz eta nik hori nahiko nuke. Nire desioa litzateke denok euskara ikastea”.

Horregatik “euskara ikasi nahi duten etorkineei alfonbra gorria jarri behar diegu. Izan ere, etorkinek soilik euskara jakinda Euskadin bizi daitezke”.

Diagnostiko orokor honetan oinarrituta, “nik ez nuke diru publiko itzel bat gastatuko etorkinen euskara alfabetizazioan. Ordea, guraso etorkinei azalduko nieke zein garrantzitsua den euren seme-alabek euskara jakitea”.

Horrela “dirutza hori etorkinen bigarren belaunaldirako erabiliko nuke, hau da, seme-alaba horien alfabetizazioan. Beraz, gakoa eskolan dago”.

Etorkinek argi izan behar lukete “euskara erreminta bat dela maila sozialetan gora egiteko. Adibidez, administrazio publikoan lan egiteko aukerak ematen dituelako. Ni neu horren adibide naiz”.

Helburuetako bat izan behar du “etorkinen seme-alabek euskara ekartzea, ikasketa maila altuak izatea eta maila sozialean gora egitea”.

1991n EAEn “adineko pertsonak ziren euskaraz gehien egiten zutenak, baina egoera irauli zen eta orain gazteak dira, eskolari esker. Eskolak euskararen alde egin duen apustua ikaragarria izan da”.

Hemengo eskolak egindako “ez da munduan beste inon egin, egoera diglosikoan hiltzear zegoen hizkuntzarekin”.
Eskola-ereduei dagokienez, “urteetan esan da A eredua mantendu dela etorkinen ondorioz. Hori ez da horrela Gipuzkoan eta Bizkaian, bai Arabako toki batzuetan”.

Kontuan hartzekoa da EAEn jaiotzen diren 4 haurretatik 1ek ama etorkina du, jaiotze tasa baxuko testuinguruan. “Etorkinen umetxo horiek euskaldun potentzialak dira, eta horregatik ikastola kontzertatuek etorkinen inguruan zuten jarrera erabat aldatu dute azken urteetan”.

Oro har, “euskarak euskaldunak behar ditu, eta beraz ezin ditugu baztertu haurren laurden bat, euskarara ekarri behar ditugu”.
Iraganera begira, “Andaluziatik edota Estremaduratik etorri ziren etorkinei esker euskararen egoerak hobera egin du azken hamarkadetan, euren seme-alabak euskarara bideratu zituztelako eta ongietorriak izan zirelako. Orain Kolonbiatik edota Marokotik datozenak ere ongietorriak dira”.

Euskarak egun duen arazo “nagusietako bat da hiztun gutxi garela, adibidez katalanekin alderatuta”. Haur horien etorrerarekin “euskararen maila jaitsiko da seguruenik, baina garrantzitsuagoa da hiztun gehiago lortzea”.

“Orain joaneko partida eskoletan dago, eta litekeena da bigarren partida kalean izatea. Haurrek euskara ikasi ostean euren aisialdian ere euskaraz aritzea”.

Oro har, “immigrazioa aukera bat da arazo baino, eta horren froga da etorkin askoren seme-alabak euskaraz aritzea, euskaldunen kopurua handituz”.

6 IRUZKIN

  1. Zein diskurtsu hipokrita! Argitu nahi dut lehenik ez daukadala ezer etorkin aurka, munduko aberatsen diru gosearen biktimak direla bakarrik eta hori argituta, komentario hauek:
    “euskara erreminta bat dela maila sozialetan gora egiteko”? maila sozial goragokoa izatea baldin bada aukera gehiago izatea eta kontaktu gehiago izatea bizitzan, uste dut kostatuko zaiela gizarajoei eta euskara baino dirua izan daitekeela erraminta errazagoa. Lehen ere horrela izan zen eta.
    “Andaluziatik edota Estremaduratik etorri ziren etorkinei esker euskararen egoerak hobera egin du azken hamarkadetan, euren seme-alabak euskarara bideratu zituztelako eta ongietorriak izan zirelako” Haizu, baina azken hamarkadekin konparaketa egin beharrean etorkin horiek etorri aurretik zegoen euskararen egoerarekin konparatzen badugu, orain hobeto dago?
    “immigrazioa aukera bat da arazo baino, eta horren froga da etorkin askoren seme-alabak euskaraz aritzea, euskaldunen kopurua handituz”. Migrazioak aukera paregabea direla uste dut eskulana merketzeko, migranteek ez daukatelako beste erremediorik eta enpresariek aukera hori aprobetxatzen dute, baina euskararendako ez dut uste mesedegarria denik, euskaldunok gero eta oztopo gehiago aurkituko ditugu euskaraz berba egin ahal izateko eta. Eta uste dut, ez bada ikuspuntu hau kontuan izaten hipokrita hutsak izaten ari garela gure buruarekin eta migrantearekin ere bai, ez baitiogu aukerarik ematen bere jatorrizko herrian bizimodu duhin bat egiten. Eta hori bai da aberatsa guztiontzako.

  2. Kopuru kontua da. Pixkanaka etorriko balira agian integratzeko aukera eta euskaraz jarduteko aukera eman liteke. Baina milaka etorrita eta euren multzo itxiak sortzeko aukera izanik, integrazioa oso zaila da.
    Etorkinen etorrera masiboa euskarak behar zuen azken bultzakada da, amildegitik behera jausteko, jakina.
    Kalera urten eta ea zenbat talde mixto (bertako zein kanpoko) euskaraz entzuten dozun. Hori da errealitate gordina, ez halakoek saldu gure doskuena.

    • Ados Ima, hortan zer-ikasi handia daukagu. Baina zoritxarrez irudiko hauek kataluniatik etorritako turistak ematen dute, euskararekin guztiz motibatuak egoteaz gain eta beraien aisialdian ondo pasatzeko gogoarekin diruditenak. Ez dakit ba hau berau ote den paperik gabe, etxebizitza txiki batera pertsona nagusi bat (euskaraz ez dakiena adibidez) zaintzera etorri denarena, hilean 600€+logela eta jatekoaren truke, hemen ezagutzen duen bakarra bere lehengusina denean, Bergarako etxe batean egoera berdinean dagoena eta igande arratsaldetan ikusten duena. Adibide bat jartzearren.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen