Espaloiak berrituko ditu ‘Fagor San Andres’ aurre eta atzean Ekide iristeak

0
597

Arrasateko enpresa honek San Andresko bere jarduera hasiko du, eta horrek adibidez eragingo ditu bidegorri ondoko errepidea zabalagoa egitea, zuhaitz batzuk botatzea eta aparkaleku gehiago jartzea.

Ekidek aurten erosi egin du Fagor Electrodomesticos ohiaren San Andresko planta.

Ekidek aurten iragarri ditu San Andresko proiektuan 15 milioi inbertitzekoa dela eta 80 lanpostu berri sortzekoa.

San Andresko planta berrabiatzeko Ekidek hainbat aldaketa egin behar ditu ‘AE 39 Fagor San Andres’ izeneko esparruan.

Ildo horretan, Udal-gobernuak aurtengo maiatzaren 26an onartu zuen behin betiko onartzea Ekidek sustatutako Urbanizatzeko Jarduketa-programa 1 jarduketa integratua.

Gauza bera egin zuen Udal-gobernuak uztailaren 5ean, eta uztailaren 20an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak ezagutzera eman du udal-onarpena.

Programaren helburuetako bat da “Ekide SLren beharrei eta berak beste enpresa batzuekin dituen akordioen beharrei erantzutea, Ekimen Berrirekin partzelaren erosketa hitzartu ostean”.

Aipatzekoak dira eremu horren kalifikazioa eta sailkapena “finkatu gabeko hiri-lurzorua, jarduera ekonomikoetarako erabilera nagusiarekin” direla.

Era berean, eremuaren hirigintza-eraikigarritasuna 35.536,17 m²-koa da, eta aurrekontua 551.227’29 eurokoa.

Ekide enpresa AE 39-Fagor San Andres deitutako eremuan 73.927’3 metroko koadroren jabea da guztira.

Eremu horretan ere badira jabetza publikoko zenbait leku: Deba errekaren zati bat, auzo-bide bat, Arrasate-Aretxabaleta errepide zati bat eta Udalaren beste lurzati bat.

Fagor San Andres atzean errepidea zabalagoa egitea aurreikusten du programak, hau da, bidegorriaren ondoan.

Izan ere, errepidearen egungo 4’25 metroetatik 7 metrotara pasatuko da. Bertako bidegorriaren zabalera, ordea, bere horretan utziko da: 2’50 metro.

Fagor San Andresen atzealdean ere, baina beste zati batean, aparkaleku gehiago jarriko dira. Aparkalekuen zabalera 3’60 metrokoa litzateke, eta toki horietan errepidearen zabalera 4’25 metrokoa.

Era berean, bidegorriaren inguru horretan, oinezkoen bidea berrituko da, baita argiztapena eta euri-uren estolderia hobetu ere. Aldaketa hauek suposatuko dute “azalera publikoa pixka bat handitzea eta azalera pribatua apur bat estutzea”.

Beste aldean ere, Fagor San Andresen aurrealdean ere, hau da, Arrasate-Aretxabaleta errepidearen ondoan ere, oinezkoen bidea berrituko dute.

Alde honetako obrak bi gunetan egingo da: Bata, atseden lekuaren (Muebles San Josepe aroztegi parearen) eta Muzibar baserriaren bidegurutzearen artekoa izango da.

Bestea, atseden lekuaren eta Takolo biribilaren artekoa. Hau da, bigarren zati honetan Fagorko sarrera-irteera nagusia dago.

Lehen zatian, espaloi zatia berrituko da, eta atsedenlekua ere berrituko da. Bertako “eserlekuak margotuko dira”, “farolak lekualdatuko dira eta zuhaitz batzuk botako dira, 2 metroko pasabide erabilgarria lortzeko”.

Ildo honetan, egitasmoak zehaztu du “gune urbanoko irisgarritasun irizpideak betetzeko, bertako ezki batzuk [gaztelerazko ‘tilo’] botatzea beharrezkoa izango dela”.

“Horien ordez, zuhaitz berri batzuk jarriko dira Fagorko berdegunean, aranondo gorria (Prunus pisardi) eta arbustu japoniarra (Ligustrum japonica) espezieak. Atsedenlekuko ezkiak mantenduko dira”.

Fagor San Andres aurrealdean ere, baina beste aldean, atsedenlekuaren eta Takolo biribilaren artean, obra gutxiago egingo dira, frisoak jarriko dira.

Gainera, errepidearen bestaldean, autobus geltokian “markesina bat jartzea aurreikusten da“. PRIMUR markako Urbi 4.400 modelokoa izango da eta eserlekua izango du.

“Etorkizunean baloratuko da Fagorko sarrerako atezaintza gunea, markesina bezala erabiltzea”.

Gainera, Deba errekan, Fagor Arrasateren aurrealdean dagoen presa txiki bat eraitsiko dute. Zona berberean errekaren hondoa aztertuko dute.

Hortaz gain, “errekaren bidearen ingurumen-baldintzak eta baldintza hidraulikoak hobetzeko, Uraren Euskal Agentziari (URAri) errekaren eskumako ertzaren zati bat” emango edo utziko zaio.

Udal-gobernuak ondorengo epeak finkatu ditu programa osoa gauzatzeko: “Urbanizazio-proiektua: gehienez sei hilabete, birpartzelazio-proiektua behin betiko onartzen denetik”.

Urbanizazio-obrak “gehienez ere sei hilabeteko epean hasi beharko dira, Urbanizazio Proiektua behin betiko onartzen denetik zenbatzen hasita”.

Azkenik, urbanizazio-obrak gauzatzeko “sei hilabeteko epea aurreikusten da”. Dagoeneko obrak ikus daitezke Ekidek erositako eremu barruan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen