Urko Jaso Altzelai arrasatearrak 20 urte ditu, eta aurten Euskadiko urrezko domina lortu du Scooter Free-styleko Street modalitatean eta brontzea Park modalitatean. Kirol hau “soilik mutilentzat denaren rola gorroto dut, pertsona denak praktikatzera animatzen ditut”.
Urkok (Arrasate, 2002) aurten Euskadi mailako bi domina lortu egin ditu: Urrezkoa Street modalitatean eta brontzezkoa Park modalitatean.
Funtsean, street modalitatean barandak, kaxak,… irristatzen da eta Park modalitatean malda handien gainetik.
Arrasatear hau Scooter Freestylean “10 urterekin hasi nintzen”, eta Euskara plazako skate parkera “batzuetan lagunekin eta beste batzuetan bakarka etortzen nintzen. Garai hartan erabiltzaile ugari elkartzen ginen hemen”.
Hastapen haietan “nik scooter profesionalak ikusten nituen, eta ondoren hona etortzen nintzen, ‘bowl’ deitzen genion gune honetara”.
Garai hartan kirol honek “goraldia izan zuen, zaletasun handia zegoen. Bertan adi jarraitzen nien oso ona zen Joseba Garate arrasatearraren trebeziei. Orduan lagunekin praktikatzen nuen, baina denboraren joan-etorriaren ondorioz, lagunek praktikatzeari utzi zioten”. Hala ere, Urkok eutsi egin zion.
Gaur egun “uda partean moda nolabait itzuli egiten da, denbora libreak asko laguntzen baitu. Dena den, eguraldi eguzkitsua ez da beti lagungarria, bero handia arriskutsua izan daitekeelako”.
Orain batez ere “16 urte inguruko mutilen taldeak ibiltzen dira hemen, eta Arrasaten nire adinekoen artean praktikatzen duen bakarra ni naiz”.
Euskadiko txapelketetan, Scooter Freestylea “orain goraldian ez dagoenez, parte-hartzaile nahiko gutxi daude. Orokorrean jende asko ibiltzen da lehiaketetatik kanpo, baina txapelketan parte hartzeko federatu behar zara”.
Gainera, horrek eskatzen ditu “100 € inguru ordaintzea eta medikuarengana joatea, adibidez erretzen duzun edo ez esatera”.
Oro har, Euskadiko Txapelketan “maila oso ona daukagu, bai Park modalitatean baita Street modalitatean ere”.
Urkok umiltasunez adierazi digu Park modalitatean “zorionez” brontzezko domina lortu zuela, eta Street modalitatean “oso gutxigatik, 0’1 puntugatik” urrezko domina.
“Ni patinetearekin askatasuna aurkitzen saiatzen naiz, eta gustatuko litzaidake hemen haurrei klaseak ematea, ederra litzateke”.
“Baina nire ustez hobe da lagunekin edota bakarka ikastea, izan ere, ikasteko beharrezkoa da norberak ilusioa eta ekimena izatea”.
Kontuan hartu behar da “haurra izatean lotsa handia ematen dizula patinatzea, irristatzaile hobeak daudelako. Ni hala sentitzen nintzen, baina ikasi egin nuen, eta ni mutiko txikiak daudenean eurei laguntzen saiatzen naiz, beraien beldurrak uxatzeko”.
Euskadiko txapelduna izateko eta brontzea lortzeko “kolpe handiak hartzen direla” baieztatu digu, eta bere zikatrizak erakutsi dizkigu:
“Adibidez hemen Arrasaten besoko erradio eta kubitua apurtu nituen backflip bat egiten saiatzean, 2019ko ekainaren 20an”.
“Abuztu batean tibia apurtu egin zitzaidan, eta denbora nahiko luzea eman nuen etorri barik. Sendatu ondoren, itzuli egin nintzen eta azken 7 hilabeteetan bitan atera zait sorbalda. Baina horrek ez nau geldiarazten, zorionez, eta gainera orain maila nahiko on batean ari naiz”.
Euskadiko Txapelketa arrakastatsuen ostean “Espainiakorako nahiko motibatuta nago, prest nago, baina arazo bat dago Park modalitateari dagokionez”:
“Oso ikusgarria da eta hirietan (Iruñean, Donostian, Gasteizen, Bilbon) modalitate horretarako skatepark oso egokiak daude. Debagoienean, adibidez Arrasatekoa, txikiegia da Espainiako maila kontuan hartuta”.
Eskualde honetan park ugari daude “Aretxabaletan, Eskoriatzan (berrituko dutena), Bergaran, baina Street modalitatekoak dira”.
Parte-hartzaileek normalean “modalitate bat hautatzen dute baina nik biei eusten diet, horri esker scooter-rider hibrido bat egiten zarelako”.
Aurreikuspenen arabera, estatu mailako lehiaketan “Park modalitatean maila oso altuko parte-hartzaileak egongo dira, baina Street modalitatean aukera gehiago izango ditut, ikusiko dugu”.
Park modalitateko lehiaketa Teruelen izango da (Aragoin) irailaren 9, 10 eta 11n, eta Streetekoa Valentzian urriaren 14, 15 eta 16an.
Urkok publikoki eskertu du “Maria beti nirekin izatea, belauna eta besoa apurtu nituenetik nire ondoan egon da. Nire eboluzioa ikusi du, une zailenetan motibatu nau eta hemendik eskerrak ematen dizkiot Maria Da Silvari”.
Era berean, dei zabal bat egin nahi die “mutiko nahiz neskatilei, izan ere, txikitan neskatilak skateparkean ibiltzen dira, baina handitzen direnean, rolak ezartzen dira, eta rol horren arabera, patinetea mutilentzat da soilik. Rol horrek amorrua eragiten dit eta horregatik pertsona guztiak animatzen ditut skateparkera etortzera”.
Gune hau Euskararen plazan dago, Nafarroa etorbidean, Ospitalearen eta Udaltzaingoaren ondoan. “Ni hemen, Musakolako skateparkean (kiroldegiaren ondoan) edo ingurukoetan ibiltzen naiz, eta mutikoen nahiz neskatilen galderei erantzuteko prest nago beti, laguntzeko prest”. Zorionak Urko! Ondo jarraitu!