Eskuin muturraren aurka eta inbertsio publikoen aldeko bilkura deitu du Sortuk

0
341

Arrasateko Sortuk antolatuta, zapatu arratsaldean elkarretaratzea egingo da, gaitzezteko egungo kinka larriaren “errua jendearena ez dela, arduragabekeria gobernuena dela”.

Arrasateko Sortuk salatzen du “eskuin muturrak krisi sanitario, ekonomiko eta sozial hau baliatu nahi izatea bere agenda erreakzionarioa indartzeko, diskurtso ustez, anti-autoritario eta inkonformistaz mozorrotuta”.

Aurreko zapatuko deialdiarekin “eskuin muturra antolatu gabe dagoen herri batean, egoerak eragindako ezinegon eta frustrazioak beraien interesen alde erabili nahi izan dituzte”.

Horrelako deialdiekin “sistemaren aurkako estetikaren atzean, sistema kapitalista patriarkala indartzea dute xede. Ezin aipatu gabe utzi une horietan kalean zeuden herritarren aurka indar polizialek erakutsitako jarrera oldarkorra”.

Era berean, Arrasateko Sortuk gaitzetsi du “egoera honeara iritsi izanaren arduradun nagusia afera honen guztiaren kudeaketa negargarria egin duen eta egiten ari den administrazioen arduradun politikoak direla”.

Ildo horretan gehitu du “Euskal Herria osasun larrialdi egoeran dago. Errua ez da jendearen. Arduragabekeria gobernuena da”, eta hiru arrazoi eman ditu:

“Azken hamarkadetan interes eta negozio pribatuak lehenetsi dituzte”

“Ez dituzte egin beharreko inbertsio publikoak egin”

“Deseskalatzea behar baino azkarrago egin zen”

Arrasateko Sortuk adierazi du “Osasunik gabe ez dagoela suspertze ekonomikorik”, eta gehitu du badela garaia “berriz ere gure sen onena piztu, interes indibidualen gainetik, interes kolektiboaren alde dena eman, elkar zaindu eta mobilizatzeko garaia da”.

Indar politikoak planteatzen du “inbertsio publikoaren alde egitea, pandemiari aurre egiteko plaza ez baitaiteke soilik neurri murriztaileetan oinarritu, sektore zaurgarriei laguntza bermatu behar zaie (osasuna, hezkuntza, ostalaritza, komertzioak, kultura, …)”.

Era berean, “burujabetzaren zein sakoneko eraldaketa sozial eta ekonomikoaren alde” mobilizatzera dei egin du. Bilkura zapatu honetan izango da, arratsaldeko 19:00etan, Herriko plazan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen