Eskualdeko alkateek anbulantzia medikalizatuari buruzko gutuna helarazi diote Osasun sailburuari

0
300

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: Arrasateko eta Debagoieneko alkateak.

OSASUN SAILBURUARI

Gotzone Sagardui andrea,

Debagoiena eskualdeko alkate guztien izenean, ondorengo kezka azaldu nahi dizugu. Jakin izan dugu, abuztuak 5an, gure eskualdeko Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon zela gaueko 21:00tik goizeko 9:00ak arte. Halabar, jakin izan dugu abuztuak 27an ere, 21:00tik goizeko 9:00ra mediku gabe aritu zela, Bizi Euskarri Aurreratu Erizainduna bilakatuz. Kezkaz hartzen dugu osakidetzako zuzendaritzak erabaki hau hartu izana, baita horrela izanda, udal ordezkariok aurrez ezer jakin ez izana ere.

Ez dugu ontzat ematen, hala izan bada, larrialdi zerbitzu baten maila jeitsi eta mediku profesional gabe uztea, horrek gure bizilagunengan sortu dezakeen babesgabetasun egoera nabarmena baita. Uda sasoian ere zerbitzu duin, azkar eta arreta profesional bat merezi dugu Debagoienako Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantziak lan egiten duen eremuko herritarrok eta ezin da, gure ustetan, horrelako zerbitzu bat profesional gabe utzi, osasun arreta kalitatearen kaltetan.

Gutun honen bidez egoeraren kezka helarazteaz gain, kontuan izan eta berriz ez errepikatzeko neurriak hartzea eskatu nahi dizugu.

Eta edonola ere, halako ez-ohiko egoerak emango balira udal-ordezkariak aurrez informatuta izateko eskaera egiten dizugu.

Agur bat.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen