“Eskuak ongi garbitu, mesedez” [Jasone eta Idoia Okariz Zabaletaren iritzi testua]

0
1500

Dozena bat egun baino gehiago pasatu dira “larrialdi-alarma” egoera deitu zutela. Geroztik etxean gaude konfinaturik, etxea edukitzeko zortea dugunok. Eta kaleak poliziz bete zaizkigu. Herritarroi ardura eta erantzukizunez jokatzeko eskatu digute. Agintariek hartzen dituzten erabakiei kasu egiteko. Eta horretan gaude. Hala ere, datuak irakurriz, Txina eta Italiako zenbakiak txiki geldituko dira Espainian. Eta gu ere ez gaude urruti. Gurean ere larritzeko egoerak bizi ditugu ospitale eta osasun langileen artean.

Krisialdi honetan ondorengo gogoetak plazaratu nahi genituzke, gobernu ezberdinetako ordezkari, agintari eta enpresari lokalek hartzen dituzten erabaki eta arduren inguruan:

  • Logikoa al da konfinamendu modu hau lantoki produktiboak martxan mantentzen ditugun bitartean? Langileak, lantokietara joateak, kutsapenak hedatzeko arriskua ekartzen duela nabaria da, langileon osasuna eta ingurukoena arriskuan jarriz. Beste kontu bat da, premiazkoak ez diren aktibitate hauek geldiaraztean, ekonomiaren hazkundea geldituko dela. Gelditzean, “sistema berriz arrankatzea” asko kostatuko zela esan berri du Arantxa Tapiak. Baina hildakoak berriz arrankatzea gehiago kostatuko delakoan gaude. Bizitza eta herritarron osasuna ez da lehentasuna beraientzako. Azkar ahaztu ditugu Zaldibarren usteltzen dauden Alberto eta Joaquinen gorpuak.
  • Egun hauetan ere, Mondragon taldeko kooperatiba askok lanean jarraitzen dute. Hauek ere ez ote dute herritarron osasuna lehenetsiko, eta enpresak behin-behinean itxiko egoera larri honetan ere? Adegiren laguntzarekin, 350.000 maskarilla erosi berri dituzte Txinan, lantokietan produkzioak etenik izan ez dezan. Zergatik ez maskarilla hauek osasungintzara bideratu, material eta baliabide falta izugarria daukaten honetan? Maskarilla hauek erosi dituztenak bideokonferentziaz egingo dituzte batzarrak, badaezpada ere.
  • Osasungintzako baliabide pertsonal eta materialen hornidura behar dela orain, esan du Iñigo Urkulluk. Azken urteotan osasungintzan egon diren murrizketek eragina daukate honetan? Nor da honen erantzulea? Egun hauetan ere, Garagartza eta Gesalibar auzoetan abiadura handiko trenaren lanek ez dute etenik. “Larrialdi-alarma” egoeran egonda ere, diru iturri oparoegia da hau poltsiko batzuentzat, goizetik arratsaldera horrelako obra bat gelditzeko, ezta? Baliabide falta osasungintzan, bai. Txinatarrek asteetan eraiki omen dituzte ospitaleak, kutsatutako herritarrak bertan konfinatu eta artatzeko. Guk, osasunean eta hezkuntzan kendu, eta trenean jarri.

“Guztion kolaborazioa eskatzen da, herritarrok arduraz jokatu eta pandemia hau geldiarazteko”. Herritarron ardura eskatzen da bakarrik, edo agintari eta enpresariena baita? “Udaletik, alderdi politiko eta langile guztiak batera ari gara lanean, gainerako erakundeekin batera, pandemia geldiarazi eta herritarren ongizatea bermatzeko.” esan digu herriko alkateak.

Ez dakit ba! Guk badaezpada ongi garbituko ditugu eskuak. Agintariek ongi egiten dakiten hori.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen