Eskoria-tza taldea bideoklip batekin omendu dute 40. urteurrenean

0
1843

Bideoa eta collagea: Eskoria-tza taldeko ‘Pepe’ bajistaren Antxon eta Mikel Arregi semeak.

Aurten, sorreratik 40 urte bete dituen Eskoria-tza taldeko kideek, bideo erako omenaldia jaso dute. Talde horretako ‘Pepe’ bajistaren bi semeek prestatutako opari honek, hilabeteetan zehar grabatutako material grafikoarekin batera, diskoan grabatu ez zen “Zurrunbilo kaotikoa” kanta biltzen ditu.

Eskoria-tza taldearen sorreraren 40. urteurrenaren harira, ‘Pepe’ taldeko bajista zenaren bi semeek, Antxon eta Mikel Arregik, omenaldi bat egin nahi izan diote taldeari. “Urrutitik bizi izan dugu 80. hamarkadan lau gazte hauek egin zutena, eta gure aitak esaten duen moduan gauza bakoitzak bere momentua duen arren Sabin, Errasti, Suso eta aitari omenalditxo hau egin nahi genien”.

Aipatu dutenez, horretarako material grafikoa biltzen hasi ziren zehazki zer egingo zuten jakin gabe: “Ate ugari jo ondoren Ramon Ugaldek filmatutako bideo batzuk, eskoriatzako artxiboko zuzeneko bat, Goiena telebistako irudi batzuk, kartel, argazki… material ugari batu genuen, tartean 2010 urtean egin zen diskoaren berredizioko zuzeneko eta entsegu lokaleko abestiren bat”.

Azkenean bi anaiek, material horrekin, eta musikarekiko duten zaletasunetik abiatuta, taldearen “Zurrunbilo kaotikoa” kantaren grabaketa gehitu zioten: “Entsegu lokaleko grabazioak behin ta berriz entzun ostean, Pablo-ri (lankide ohi bat) “Zurrunbilo kaotikoa” kantak sortzen zizkion gogorapen onak oroitu genituen eta ez genuen zalantzarik izan”. Horrela, urtarrilerako, gaurko egunean prestatu duten omenaldia zentzua hartzen hasi zen.

Entsegu lokalean, bateria, baxua, gitarrak eta ahotsak grabatu zituzten bi anaien artean eta bideoa borobiltzeko, Sham 69en ‘If The Kids Are United’ kantuaren zati bat ere grabatu zuten. Ondoren, Mikel Kazalisekin egin zuten lan: “Lehen nahasketa baten ostean Mikel Kazalisekin jarri ginen harremanetan, bagenekien Eskoria-tzarekin eszenatokia partekatutakoa zela. Anestesiarekin eta nostalgiatik tiraka nahasketari beste buelta bat eman zion abestiei zikintasun puntu hori emanez”. 

Bideoaren eta argazkien maketazioari dagokionean, Gorka eta Xabier Martin ibili dira: “Oso eskertuta gaude biei, kartel, argazki eta bideo anabasa horri forma ederra eman diote bien artean eta gure buruan oparitxo bat zena beste maila batera eraman dute”.

Eskoria-Tzaren zuzenekoetan ibili zen jendeak buruan izan ahalko lituzkeen bi abesti berreskuratu ostean, egindako lana guztiekin partekatuz omendu gura izan dute taldea.

Eskoria-tza taldearen omenaldi bideoa

“40 urteren ostean nork sinetsi dezake hori dela demokrazia? Bizi garen zurrunbilo kaotikoan ez dugulako inoiz maitatuko gure etsaia!!! Esker bereziak Gorka eta Xabier Martini bideo eta argazkien maketazioarekin eta Mikel Kazalisi nahasketan eta masterizazioan laguntzeagatik”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen