Eskolara Oinez kanpaina martxan jarri dute aurten ere

0
410

Eskolako bidean motordun ibilgailuak alde batera uztea du helburu.

Testua: Arrasateko Udala.

Udalako Ingurumen Eskolak,  Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez,  animatu nahi ditu Arrasateko ikasle eta irakasle guztiak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera, irailaren 16tik 22ra.

Oinez mugitzea garrantzitsua da, alde batetik, motordun ibilgailuek sortzen dituzten inpaktuak (zarata, berotegi efektuko gasen isurketa, etab.) murrizteko eta beste aldetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko. Gainera, gure herria jasangarriagoa eta atseginagoaren alde egiteko modu bat ere bada.

Arrasate Herri Eskolako ikasleei zabaldutako ekimena da; hain zuzen ere, 2. eta 3. zikloko ikasleei. Aurten, Musakolatik habiatzeko aukera gehitu da: auzo honetan bizi diren lagunak 8:30tan bilduko beharko dira San Antolinen eta patina eta kaskoa ekarri beharko dute garaiz eta seguru iristeko Erguineraino. Beste ibilbideak betikoak izango dira; bata, erdigunetik habiatuko da 8:30tan eta, bestea, San Andres auzotik 8:40tan. Bertan Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak egongo dira, haurrak jaso eta eskolaraino bidean laguntzeko.  Dena den, ibilbidean zehar taldera gehitzeko aukera ere izango dute ikasleek.

Parte hartzeko ikasleek izena eman beharko dute irailaren 15a baino lehen eta parte hartzaileen artean saritxo batzuk banatuko dira amaieran. Animatu zaitezte! Ingurumenaren eta osasunaren alde egin eta eskolara oinez joango gara elkarrekin!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen