Mugikortasun Astea: Eskolara Oinez eta Hiri-busa Doan egingo dira, Bizikleta Azoka ez

1
1836

Mugikortasun Asteak sustatuko du neska-mutilek ikastetxeetara ibiltzen joatea. Halaber, urbanoa doan probatu ahalko da. Covid-19aren ondorioz, baina, ez da bizikleten azoka egingo.

Arrasateko Udalak aurtengo Mugikortasun Astea aurkeztu du, eta ekitaldian parte hartu dute, ezkerretik hasita:

  • – Nerea Lazpiur (Garapen Iraunkorreko teknikaria)
  • – Edurne Unamuno (Hezkuntza eta Enplegu Batzordeko zinegotzia)
  • – Kandi Fernandez (Ingurumen teknikaria eta Udalako Ingurumen Eskolako arduraduna)

Europako Mugikortasunaren Astea urtero eramaten da aurrera irailaren 16tik 22ra, eta aurtengo lema ondokoa da: ‘Isurketarik gabeko Mugikortasunaren alde’. Arrasateko Udalak 2002tik antolatzen du.

Aurkezpenean Kandi Fernandezek ‘Eskolara Oinez’ ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu, hain zuzen, “6 urte antolatzen daramatzaguna. Aurten inoiz baino beharrezkoagoa da”.

Aurreko urtean Arrasate Herri Eskolako 5. mailako ikasleekin eraman zuten aurrera, “baina aurten Eskolak eskatuta, 4. eta 6. mailakoek ere parte hartuko dute”.

Eskolak azaldu duenez, koronabirusaren ondorioz “arrisku foku ezberdinak daude, baina bi dira garrantzitsuenak: autobusa eta jantokia”.

Bestalde, “Eusko Jaurlaritzak, bere protokoloaren eta gomendioen bitartez, garraio aktiboa bultzatu nahi du, hau da, eskolara oinez, bizikletan, patinetean,… joatea”.

Arrasateko Ingurumen Eskolak bi ekimenak elkartu ditu, eta “oso arrakastatsua izaten ari da, harrera oso ona izaten ari da. Ingurumen Eskolako irakasleok gidatuko ditugu ikasleak”.

Horretarako, Ingurumen Eskolak hiru ikasturteetako neska-mutilekin bilerak egin ditu: “Ikasleei esfortzu fisikoa eskatzen diegunez (autobusean ordez eskolara oinez joatea), eurak motibatzera joan gara”.

Gainera, “adin txikikoak direnez, euren gurasoei baimena eskatu diegu, eta bihar arte baimenak jaso ahalko ditugu. Oraingoz ikasturte bakoitzetik 20 neska-mutilek eman dute izena, eta gehienek autobusean joan ohi dira”.

Hortaz gainera, “ikasleak gidatzeko boluntario gehiago beharko badira, Eskolak iragarri du boluntarioak prest egongo direla, bai gurasoen aldetik bai irakasleen partetik”.

‘Eskolara Oinez’ irailaren 16tik 22ra egingo da, baina helburua da “kurtsoan zehar egiten jarraitzea, batez ere errealitate berria ikusirik”.

Ingurumen Eskolak “gonbita luzatu diegu ere herriko beste eskola guztiei, kotxez edo autobusez joaten direnak ere ekimena har dezaten eta eskolara oinez joan daitezen”.

Bi ibilbide diseinatu dira: “bata Erdialdean bizi direnentzat, eta bestea San Andresen bizi direnentzat batez ere”. Biteri plazatik eta Kurtzetxiki plazatik abiatuko dira, hurrenez hurren, eskoletara iristeko.

Ingurumen Eskolak nahiago izan du “aurten bizikletaren erabilera ez sustatzea ekimen honetan, arrisku gehiago suposatzen dituelako, ikasleak oinez ibiltzea errazago kontrolatzen direlako”.

Oro har, “Arrasaten arrisku oso gutxiko ibilbideak daude, eta batzuetan helduok existitzen ez diren arriskuak ikusten ditugu”.

Mugikortasunaren Astean ere, herritarrek herri-busa doan erabili ahalko dute, irailaren 16tik 22ra:
“Normalean aste horretan erabilera %20-25 igotzen da – azaldu du Nerea Lazpiur teknikariak – baina helburuak dira herri-busa ezagutzen ez dutenek zerbitzua probatzea eta dauzkan onurak ikustea”.

Udalak 18 urte daramatza Mugikortasun Astea antolatzen, eta adibidez Bigarren Eskuko Bizikleta Azoka 15 alditan antolatu du. “Ekitaldi arrakastatsua da, pagotxak eskaintzen dituenez, azokaren irekieran pertsona ugari pilatzen direlako azokan. Baina aurten ezin dugu holako jende pilaketarik izan”.

Azoka ez egitearen beste arrazoi bat da “bigarren eskuko materiala probatu behar dela. Merkatu honek “Bergaratik, Oñatitik,… eta oro har bailaratik pertsona ugari erakartzen ditu, erreferente bat bilakatu da”. Bizikleta Erakusketa ere bertan behera utzi behar izan da, hau da, Arrasateko bizikleta saltzaileen erakusketa.

Udalak baliatu egingo du ‘Mugikortasun Adimentsua’ dokumentua eta jendartean banatuko du “enpresetan, eskoletan,… Gomendatzen du oinez ibiltzea, bizikleta erabiltzea edota autobusa baliatzea”.

Udalak herriko enpresekin ekimenak antolatu eta aurrera eraman izan ditu zenbait urtetan langileek autobusa edota bizikleta erabil ditzaten, edo lanera oinez bertara daitezen:

“Beharrezkoak dira, eta enpresa askok euren mugikortasun planak ere izan badituzte. Autobus kolektiboek ez dute arrakastarik izan baina agian orain egoerari bueltatxo bat eman diogu, autobusa gehiago erabiltzen da, Lurraldebusek zerbitzu onak dituelako”.

Edurne Unamuno Hezkuntza eta Enplegu Batzordeko lehendakariak mezu bat adierazi gura die arrasatearrei: “Arrasatear guztiak gonbidatzen ditut, ahal den heinean, eta aste honetan bereziki (irailak 16-22) oinez, bizikletaz eta garraio publikoan mugitzera”.

Iruzkin 1

  1. Deskolokatuta nago. Gaur hezkuntzan greba eguna eta langabezia gora eten gabean eta hezkuntza eta enplegu zinegotziak egin duen agerraldi bakarra legealdi osoan mugikortasunari buruz berba egiteko da? Uste dut bi patata bero dituela eskuartean eta ez diot mugikortasunaren gaiari baliorik kendu nahi baina besteak ere eskatzen du zerbait ez?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen