Eskolara Oinez ekimena abiatuko da datorren astean

0
307

Arrasate Herri Eskolako ikasleekin egingo da ekintza.

Testua eta kartela: Arrasateko Udala.

Udalako Ingurumen Eskolak, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, animatu nahi ditu Arrasateko ikasle eta irakasleak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera, irailaren 18tik 22ra.

Arrasate Herri Eskolako ikasleek parte hartzen dute ekimen horretan; hain zuzen ere, 2. eta 3. zikloko ikasleek. Aurten bi ibilbide egingo dira; batak, erdigunetik abiatuta (Biterin 8:30tan) arbolapetaraino joanez bidegorria hartuko du Monterron parketik barrena. Aldiz, beste ibilbideak San Andresetik irtenda (9:40tan Kurtze txiki plazan) Erguinerantz hartuko du Arrasate pasealekua zeharkatuz. Hasierako puntu horietan Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak egongo dira, haurrak jaso eta eskolaraino bidean laguntzeko.  Dena den, ibilbidean zehar bizi diren lagunak taldera batzeko aukera izango dute. Parte hartzeko ikasleek izena eman beharko dute irailaren 14 baino lehen, eta parte hartzaileen artean saritxo batzuk banatuko dira astearen amaieran.

Oinez mugitzea garrantzitsua da, alde batetik, motordun ibilgailuek sortzen dituzten inpaktuak (zarata, berotegi efektuko gasen isurketa, istripu arriskua, etab.) murrizteko, eta beste aldetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko. Gainera, gure herria jasangarriagoa eta atseginagoaren alde egiteko modu bat ere bada. Honela, Arrasateko Udalak irailaren 16tik 22ra herriko autobusa doan jarriko du.

Animatu zaitezte! Ingurumenaren eta osasunaren alde egin eta eskolara oinez joango gara elkarrekin!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen