Beheko testua eta bideoak: Errekak Bizi Auzolanean.
Izen-ematea
Deba ibaia eta bere adarrak garbituko dira beste behin auzolanean. Horretarako, herri bakoitzak bere topalekuak izango ditu eta handik abiatuko dira bakoitzari dagokion auzolan gunera. Hori dela eta, parte hartzeko interesa duten guztiei izena eman eta ekimenera batzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.
Debagoienean errekak bizi auzolanean izena emateko, urriaren 4tik 18arte egongo da aukera, galdetegi bitartez.

Lotura: https://labur.eus/ErrekaAuzolana
Pertsonako inprimaki bat bete beharko da (haurrek ere inprimakia betetzea komeni da) bertan zein herritan parte hartu nahi den zehaztuz.
Eskualdeko herri guztietan (Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati) eman ahalko da izena erreka auzolanean parte hartzeko.
Errekak ezagutzeko, bizitzeko eta gozatzeko eguna izango da II. edizioa ere, herri bakoitzak bere egiteko modua izango duelarik.
Ezagutzen dena soilik zaintzen delako
Aurten ere ekimena modu bateratuan pentsatu eta antolatu da, nahiz eta herri bakoitzak bere egiteko moduen arabera gauzatuko duen auzolana. Bailarako herri ezberdinak zeharkatzen dituzten errekak ezagutzea da abiapuntua, baita herrikideen arteko harremana sustatzea ere.
Debagoieneko zortzi herri batuko dira auzolanera. Gainera, aurten ere askotariko norbanako eta eragileek egingo dute bat ekimenarekin, inguratzen gaituzten errekak ezagutzeak, bizirik mantentzeak eta zaintzeak duen garrantziaz jakitun izanik.
Egiteko modua; Auzolana
Bailara mailako auzolan erraldoia izan zen 2022ko erreka eguna, 600 lagun inguru batera sartu ziren erreketara eta II. Edizioan ere parte hartze handia espero da. Elkar ezagutzen duten eta ezagutzen ez duten herritarrak, elkarlanean, zaindu eta eraldatu nahi duten eremuan. Emaitzari baino egiteko moduari eman nahi diote garrantzia antolatzaileek. Elkarrekin lan egitean sortzen baita komunitatea, herria.
Herri Hezitzaileak
Ekimenak Herri hezitzaileen ideaiarekin guztiz bat egiten du. Naturarekin dugun harremanaz hausnartzeko, honetan sakontzeko , herriaren zaintzaren ardura herritarrok ere hartzeko eta herrikideen arteko harremanak sustatzeko balio dezake. Haur, nerabe gazte eta helduek elkarrekin parte hartu dezakete ekimenean, ba al dago zerbait hezitzaileagorik?
Errekatik ateratzen den zabor kopuru ikaragarrian baino egiteko moduak duen balio sinbolikoan eta herri bakoitzean sor daitezkeen elkarlanetan jarri nahi da fokua.
Zalantzak eta argibideak: errekagarbitzeko@gmail.com



