Eskerrik asko, Juanjo Ansoategi

0
1379

Testua: Arrasateko Ezker Abertzaleko Komite Lokal, Alkate, Zinegotzi eta Iratin izandako bidelagunak.

Aberri egunaren bezperan utzi gintuen Juanjo Ansoategik, Esauk, lagunartean eta militantzian ezagutzen genuen moduan. Kasualitatea edo ez, Euskal Herri aske eta justua amestu eta borrokatzen dugunok gure etxeetako leihoak ikurrinaz jantzi orduko, itzali zen Esau, sentimendu abertzale eta balio ezkertar sakoneko arrasatearra.

Eta bera zen bezala joan zaigu, oharkabean, atentzioa eman gabe, nabarmentzeko asmorik gabe. Baina Esauren hutsunea nabarmena izango denik ezin ukatu, bere izaera eta ibilbidea marka uzten duten horietakoak izan baitira.

Tipo serioa zen, serioa bezain umoretsua. Seriotasunez eta konpromisoz bizi zituen Euskal Herriaren errealitate eta afera ezberdinak (independentzia, lana eta aberastasunaren banaketa, presoen egoera, euskara …), askotan umore eta txantxari ere lekua eskainiz. Ezagunak ditugu askok, bere azalean frankismoaren aurkako borrokan bizitako pasarte gogorren kontakizun umoretsuak edota sozialismoa zer zen definitzeko gazteak zirikatzen zitueneko momentuak.

Egoera zailenetan ere erreferente izan dugu Esau, bidea argitzeko gaitasuna duten horietakoa. Txabi Etxebarrietaren ekarpenaren garrantzia eta joera politiko berrien lekua ikusi eta uztartzeko gai zen klasiko gaurkotua. Bisio garbiduna, amesten dugun horri hankak lurrean edukita, zentzuz eta praktikotasunez erantzunez, herriaren eta pertsonen mesedetan bet. Eta guzti horregatik oparoa izan da bere ibilbide pertsonal, profesional eta politikoa. Apaltasunean ardaztu den ibilbide oparoa. Gaitasun garrantzitsuak izan arren, guzti horien artean umiltasuna nabarmentzen zelako. Parekoak esateko zuena arretaz entzun eta hausnartuz, berea inorenaren gainetik ipintzeko beharrik gabe, hizketarako txanda heltzen zitzaionean “ikus dezagun” batekin hasten zen. Beti umil, beti interesgarri.

Herrien eta pertsonen askatasunaren alde borrokan aritu zareten eta gure artean ez zaudetenok asanbladan zaudeten leku horretan, eskutitz hau nekez irakurri ahal izango duzu, Esau. Hala izango balitz gainera, akaso lotsatu ere egingo zinateke eta fokutik aldentzen saiatu. Baina jakizu, klandestinitatean, erbestean, udalgintzan, herrigintzan, presoen eskubideen defentsan, mahai zein batzar politikoetan, edota hausnarketarako kafe goiztarretan, plazerra eta pribilejioa izan dela zure bidelaguna izatea.

Zuk bezalaxe guk ere amesten dugun horrekin jarraituko dugu, zugandik ikasi eta jasotako guztari bide emanez, garaipenera arte. AURRERA BOLIE!

Bukatzeko besarkada bana Rosa Mari eta Euriri, zuekin gaude. Juanjok utzitako hutsunea betetzea ezinezkoa dela badakigu, baina berak emandako guzta ametsak betetzeko adina izango da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen