Euskal polizien sindikatuaren Arrasateko sailak adierazi du “Udaltzaingoaren alboan dagoela, %100ean” eta Udalari eskatu dizkio udaltzainentzako “babes juridiko osoa, baliabideak eta lan-segurtasunerako neurri errealak”.
Argazkia: MB artxiboa
Urtarrilaren 9ko gauean pintaketa batzuen inguruan jazotakoek zeresana ematen jarraitzen dute eta hauen harira, Arrasateko Udalak «erasotzaileak identifikatu eta epaitegietan azken ondorioraino eramatea» eskatu du Esan Sindikatuak, horretarako akusazio partikular bezala aurkeztuz.
Euskal polizien sindikatuaren Arrasateko sailak ohar bat plazaratu «gertatu diren erasoak, oldarraldiak eta mehatxuak» salatuz. «Udaltzainak euren lana egiten zuten bitartean, pintaden egileak identifikatzen saiatzen ari zirela, hainbat pertsonek agenteen kontra egin zuten makilak eskuan hartuta», azaldu dutenez. «Hori onartezina da.
«Udaltzainek legea betearazteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko lan egiten dute. Erasotzea edo jazarpena ez da “haserre momentua”: autoritatearen aurkako eraso larria da, eta ondorioak eduki behar ditu», gaineratzen dute.
Horiek horrela, «eskertu egin nahi dugu Arrasateko alkatesak eta Udalak argitaratu duten babes mezua. Baina ESANetik argi esaten dugu: babesa hitzetan baino gehiago, ekintzetan neurtzen da».
Horregatik, Esanek eskaera garbiak egiten ditu bere oharrean. «Erasotzaileak identifikatu eta epaitegietan azken ondorioraino eramatea; Udalak akusazio partikular moduan aurkeztea».
Era berean, «udaltzainei babes juridiko osoa, baliabideak eta lan-segurtasunerako neurri errealak jartzea (protokoloak, dispositiboak, eta behar dan guztia)» exijitzen dute.
Eta baita ere, «indarkeria eta erasoak normalizatu nahi duten diskurtsoak moztea: hemen ez dago pareko “bi alde”. Funtzionario publikoa erasotzea ez da iritzia, delitua da».
Amaitzeko, nabarmendu nahi izan dute «Esan Arrasateko Udaltzaingoaren alboan» dagoela, «%100ean, eta ez dugu onartuko horrelakorik. Gertatutakoa argitu arte eta erantzun sendoa egon arte, presio eta jarraipen osoa egingo diogu» gaiari.




