Argazkiak: Julen Barrutia
Udako oporren ostean, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak lanean hasiak dira, klubak jakitera eman duen bezala.
Hasierako lansaio hauetan Julen Barrutiak 30 jokalari inguru izan ditu bere aginduetara eta aurreikusten du “denboraldi berriari begira ere fitxa kopurua horren inguruan izatea”.
2020/2021eko ezohiko denboraldiaren ostean, Covid-19aren pandemiak eraginda, aurtengo ikasturtean “normaltasunera itzultzea” espero dute.

Euskadiko Errugbi Federazioa data ofiziala jakinaraztekoa da, eta Julen Barrutiak urriaren erdialderako ligari ekitea espero du. Orain arte burututako entrenamenduetan ikusitakoarekin pozik dago entrenatzaile arrasatearra:
“Jendea gogotsu etorri da oporretatik, lansaioetan intentsitate handia egon da eta, oraindik joko aldetik asko hobetzeko baldin badaukagu ere, oso itxaropentsu eta baikor nago denboraldi berriari begira”.
Senior taldeko jokalarien artean badira klubeko lagun zaharrak, 2020/2021ean ez jokatzea erabaki ostean, 2021/2022an berriro Kanpanzar Arrasateren elastikoa jantziko dutenak.
Azpimarratzekoa da, senior mailako neska-mutilez gain, harrobiko ekipoek ere lanean dihardutela. Ildo horretan, klubak ondoko gonbitea zabaldu du:
“Esan barik doa, ART-rekin bat egin nahi egin nahi duena gonbidatuta dagoela Mojategira etorri edota klubarekin harremanetan jartzera”.