(Publi-elkarrizketa) Ardatz formazio eta ikasketa zentroak 8 urte beteko ditu apirilaren 16an. Data iristear den honetan Mikel Makazagak (argazkian, laugarrena ezkerretik hasita) Mondraberriko galderei erantzun die. Egoera nahasia bada ere oraingoa,klase partikularrak eta gainerako zerbitzu guztiak on-line bidez eskaintzen ari dira. Oraintsu, lehiaketa bat antolatu dute konfinatuta dagoen herriari hauspo pixkat eman eta herriko komertzioari keinu bat egiteko. Oso harro daude ikasteaz nekatzen ez den herri honetaz eta lehiaketak emandako emaitzekin oso pozik agertu dira.
– Lehenik eta behin, zorionak, dagoeneko zortzi urte Ardatz zabaldu zenutela.
– Eskerrik asko! Ba egia esanda denbora oso azkar pasatzen da eta orain dela zortzi urte ideia besterik ez zena dagoeneko errealitate bihurtu da. Garai hartan bi lagun hasi ginen eta dagoeneko 9 gara. Gure proiektua gorpuzten ari da eta klase partikularrez gain hezkuntza munduko beste sektore batzuei eskaintzen dizkiegu gure zerbitzuak. Erronkaz erronka moldatuz, hazten eta sendotzen dabilen proiektua da Ardatz.
– Nola daramazue testuinguru berri hau?
– Ba hemendik Ardatzeko lan talde osoa zoriondu nahiko nuke. Martxoaren 13an, ostiralez, etorri zitekeena aurreikusi eta beharrezko dokumentazioa eta materiala eraman genituen etxera. Martxoaren 16rako etxetik genbiltzan lanean, gure zerbitzu guztiak on-line ematen. Hasiera batean arrotza zen hori, geroz eta normalago izatera pasatu da. Hezkuntza komunitatea badoa poliki-poliki egoera honetara egokitzen.
– Beraz, Ardatz zabalik daukazue on-line bada ere.
– Hori da, nahi duenak, beti bezala gugana jo dezake. Guk diogun bezala, etxean bada ere
ikasturtea aurrera doa eta aurrez aurreko klaseetan zeuden beharrak badaude on-line
modalitatean ere, eta guk hor kokatu dugu gure esfortzua. Hain zuzen, on-line euskarrien bidez ematen ari gara klase partikularrak, eta azpimarratzekoa da ikasleak zein ongi moldatu diren proposatu diegun dinamika berrira. Bulegoa ere zabalik dago edozein kontsulta egiteko eta Ardatz barruko barne proiektuek ere aurrera jarraitzen dute.
– Lehiaketaren inguruan berba egin dezagun. Nolatan halako lehiaketa bat?
– Ardatzetik ikusgarritasuna eman nahi genion egunero egiten ari garen lanari. Lokala itxita egon arren adierazi nahi genuen guk lanean jarraitzen dugula eta gure jardunean beti bezala gabiltzala. Aurtengo ikasturtea inoiz baino nahaspilatsuago izatea egokitu zaigu eta, adibidez, selektibitatea daukaten ikasleentzat inoiz baino presenteago egon nahi dugu, behar badute laguntza eskaintzeko. Testuinguru horretan herritarrengana iritsi nahi genuen, posible zen heinean jendarteari ekarpen bat eginez. Eta gure lan esparrua hezkuntza denez, ikasketa akademikoei nahiz herriaren ezagutzari lotutako zerbait dibertigarria ere egin nahi izan genuen, ondo pasatzeko eta gauza berri batzuk ikasteko balio zezakeena.
– Ibai-Arten gastatzeko 300 euroko sari potoloa zein garaikurra. Zergatik Ibai-Arten?
– Lehen aipatzen nizun ekarpen sozial horri loturik, uste dugu modu nabarmenean kokatu behar ginela Ardatz modura. Eta norabide horretan, herriko merkataritza eta ostalaritzari keinu bat egitea garrantzitsua dela deritzogu, beraiei ere ikusgarritasuna emateko. Erantzukizunez jokatu beharraren mezua zabaltzea garrantzitsua da.
– Zer balorazio egiten duzue lehiaketak utzi dituen emaitzei dagokienez?
– Balorazio ikaragarri positiboa egiten dugu. 154 talde eta 500 pertsona baino gehiago aritu dira galderak erantzuten. Jakin-min eta jakinduria handiak daude herri honetan, eta lehiaketan hori ikusi ahal izan dugu ekimen honen bitartez. Oso harro gaude ikasteaz nekatzen ez den herri honetaz.