‘Erroa eta geroa’ dokumentala, emakume baserritarren ingurukoa, aurkeztu dute Kulturaten

0
587
emakumea

Ane Gorosabel arrasatearrak Maribi Ugartebururekin batera eginiko dokumental honek baserrietan lan egiten eta bizi diren emakumeen bizipenak kontatzen ditu.

Kulturateko aretoa nagusian, Martxoak 8 egitarauaren barruan, ‘Erroa eta geroa’ dokumentala aurkeztu dute. Ane Gorosabel arrasatearrak Maribi Ugartebururekin batera emakume baserritarrei buruz egindako dokumentala da.

Gorosabelek belaunaldi guztiei eman nahi izan die ahotsa, baserrietako bizimoduaren errealitatea helarazteko: “Hamabi lekukotasunen bidez, oraindik lurra lantzetik bizi diren pertsonen alderdi asko helarazi nahi izan dizkiogu jendeari. Horretarako, adinekoen hurbileko pertsonak izan ditugu, bai eta gazteagoak ere, beren bizimoduaren alde egin dutenak. Helburua ez zen hainbeste biak alderatzea, bi aldeen testigantza lortzea baizik, errealitate orokor bat eraiki ahal izateko”.

Dokumentala lantzeari 2017an ekin zioten, dokumentalean jorratzen den gaiarekin lotutako ikastaro baten bidez.  Masterreko sei ikaskide elkartu ziren bizi-estilo horren xehetasun asko ezagutzera emango zituen dokumentala sortzeko. “Gero eta gazte gutxiago hurbiltzen dira mundu honetara, eta ezagutzera ematea beharrezkoa den lana dela uste dugu. Lan gogorra da, ekonomikoki beti ondo konpentsatuta ez dagoena, eta arrazoi horregatik gazte askok ez dute bide hori hartzen; horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu ezagutzera ematea lana, eta jendeak hari buruzko gauzak ikastea “.

Bizitza estilo hori aurrera ateratzeko gai den indar nagusi gisa emakumearen ahotsa sortzen da dokumentalean: “Belaunaldi ezberdinetako emakume baserritarren testigantzak jasotzen dira dokumentalean: Iparraldetik Hegoaldera, Euskal Herriko landa ingurunean emakumeek duten paperaren inguruan dituzten bizipenak, gogoetak, kexak, zalantzak eta abar kontatzen joaten zaizkigu, umorea galdu gabe eta ironiaz beteriko hitzekin. Maitasuna pizten duen lana da, baina gaur egun emakumeengatik ez balitz, existituko ez litzatekeen sektore baten errealitate gordina ere erakusten digu “.

Anerentzat hori bezain garrantzitsua da dokumentalaren proiekzioaren unea, ondorengo eztabaida: “Dagoeneko lan hau aurkezteko aukera izan dugu hainbat herritan, eta agerian utzi dugu ikusitakoa eztabaidatzeko unea ere oso baliagarria dela guztiontzat. Hor ateratzen dira ideia eta eztabaida-gai asko, eta askotan balio dute informazioa lortzen jarraitzeko, bai guretzat, bai ikustera datozen pertsonentzat. Horregatik, ikustera datorren jendeak ideiak emateko eta parte hartzeko gogoa izatea nahi dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen