Errigorak, nazioan 302.000 € lortuta, Arrasaten saskiak banatuko ditu bihartik

0
285

Testua: Arrasateko AEK

Mila esker bihotzez Errigoraren kanpainan parte hartu duzuen guztioi! Sasi guztien gainetik elkartasuna nagusitu da eta inoizko baldintza gaiztoenetan inoiz baino ekarpen handiagoa bildu dugu euskalgintzarako: 302.000 €.

Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita Agerraldia egitasmo berrira ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, Korrika-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko.

Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik.

Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara.

Eta orain saskiak jasotzeko ordua dugu eta bertako produktu goxoez gozatzeko garaia iritsi zaigu! AEKn, Ereindajanen eta Arizmendin egindako eskaerak aurten ferixalekuan banatuko ditugu. 3 txanda izango
dira:

  1. txanda (osteguna 17:00-19:00)

2. txanda (ostirala 11:00-13:00)

3. txanda (ostirala 17:00-19:00)

ESKERRIK ASKO ARRASATE!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen