Bailarako Ostalaritza: “Beharrezkoak dira erreskatea eta agintariek hitza betetzea”

0
1240

Bilkuran oro har Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako ostalariek hartu dute parte. Ekitaldiari jai ukitua emateko trikia eta txistorra pintxoak izan dira.

Santamas Eguna dugu gaurkoa Arrasaten, baina jairik ez da bertako kale, taberna edota jatetxeetan. Ostalaritza berriro mobilizatu da, eguerdian Herriko plazan.

Arrasateko Ostalarien izenean, Mikel Etxagibelek, animoak eman dizkiete Aretxabaletako eta Eskoriatzako lankideei.

Izan ere, “berrirekitzeko baimena eman, eta astebete baino gutxiagoan, hornidurak erosi ostean eta langileak ERTEtik atera ostean, berriro lokalak itxiarazi dizkiete. Animo beroenak gure aldetik!”.

Martxoaren 13an “gure bizitzako amesgaiztorik txarrenak bizitzea suertatu zitzaigun: gure lokalen derrigorrezko itxiera. Ondoren, udan, baldintza kaxkarretan lan egitera behartu gintuzten”.

Azaroa berriro itxiarazi zituzten, eta “agintarien kezka bakarra da Gabonak nola antolatu baino ez da, gure sektorearen egoera zein den gehiegi axola gabe, lanpostu asko hari batetik zintzilik daudelarik”.

Horregatik guztiagatik, “Olentzerori ondorengo gutuna bidali diogu: instituzioek bete dezatela eman diguten hitza, eta ez daitezela gurekin jolasean ibili, eman dituzten huskeria horiek ez daitezela izan euren eskuak garbitzeko gizartearen aurrean”.

Halaber, salatu egin dutenez, “ezkerreko eskuarekin 100 € eman eta aldi berean eskumarekin 1.000 € kentzen dizkigute. Hori da eskuzabaltasuna hori…”.

“Penagarria da instituzio publikoetara joatea eta gogoz kontra hartzen gaituztela ikustea. Edo gu ez hartzeko, Covid-a aitzakiatzat erabiltzea. Baina fakturak eta tasetarako azkar dabiltza. Horretan ez dira Covid-aren beldur”.

Adierazi dutenez “harrigarria da herria gidatzeko ardura duten horien ahotik ‘guk ez daukagu inongo planik’ bezalako erantzunak jasotzea. Hortaz, zertan ari dira lanean dihardutela dioten bitartean”.

Ostalariek adierazi dutenez “genituen aurrezkiak agortu dira, lehen itxierari aurre egiteko mailegua eskatu genuen, baina bigarren itxiera honetarako ez digute mailegurik ematen. Sokak inoiz baino gehiago estutzen du lepoa”.

“Olentzero, jakin badakizunez aurten txintxo portatu gara, gure betebehar denak ondo egiten saiatu gara, baita jarri dizkiguten segurtasun- eta higiene-arauak betetzen ere. Horregatik eskatzen dizkizugu”:

“Guztiontzako osasuna, haurrentzako opari pila bat, eta gizarte honen arazoak konpontzeko gai izango diren politikariak. Olentzero, ez gaitzazu bakarrik utzi, zu zara gure esperantza bakarra. Aurrera Ostalaritza!”.

Ekitaldiari jai ukitua emateko asmoz, txistorra pintxoak banatu dituzte Herriko plazan, eta trikitixa emanaldia plazaratu dute Maixa Lizarribar eta Irati Gutierrezek.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen