Erresidentzietako 253. greba eguna egin zen atzo ELA eta LABek deituta

0
540

Sindikatuek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak Aldundiari eta patronalari bilera eskatu diete.

Testua: LAB eta ELA. Argazkia: ELA artxibokoa.

Gipuzkoako zahar-etxeetako langileak kalera irten dira berriz ere, 253. greba egunean, %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu badizkiete ere. “Gure greba eskubidea urratzen ari dira oraindik. Gaur greba eguna izanik, egoitzetan beste edozein egunetan baino jende gehiago ari da lanean”, salatu dute langileek.

Hala ere, Aldundi aurrean elkarretaratzea egin dute, ELAk, LABek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta, foru erakundeari eta patronalari negozia dezatela galdegiteko: “Bilera bat egin nahi dugu lan gatazka hau konpondu eta hitzarmenaz mintzatzeko, beti ere, langileek demokratikoki hautatu duten ordezkaritza sindikala errespetatuz”.

Pandemian baino okerrago

Erresidentzien egungo errealitatea pandemia aurrekoa baino are okerragoa dela salatu dute langileek. “Sektorizazioaren ondorioz lan kargak zeharo hazi dira, enpresek ez dituzte ordezkoak jartzen langileak bajan daudenean, eta nabarmena da lantaldea urriegia dela. Pandemiak langileengan eragin dituen ondorio fisiko eta psikologikoak agerikoak dira; hori guztia erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kaltetan doa”.

Haatik, Aldundiak esaten du zahar-etxeetako egoera ona dela, langileek beren errealitate gogorraren testigantza zuzena ematen ari diren arren. “Errealitate idilikoa saldu nahi digute, non langile bakoitzari soilik bi egoiliar dagozkion; alabaina, ratioen inguruko foru dekretuak berak batez beste zaintzaile bakoitzak 13 erabiltzaile artatu behar dituela ezartzen du. Non geratzen dira langileko bi erabiltzaile horiek?”.

Egoera horrek erabiltzaileei ematen zaien arretari ez ezik langileen osasunari ere erasaten dio. “Sindikatuok benetan aitortu eta goraipatu behar dugu sektore honetako langileen profesionaltasuna. Argi dago egoitzetako gabeziak egiturazkoak direla, hein handi batean lantaldeak txikiegiak direlako; erabiltzaileek denbora luzeegia ematen dute ohean, ordu asko jan gabe, behar adinako garbitasunik gabe, etab.”.

Horregatik, Gipuzkoako egoitzetako mobilizazioek jarraipena izango dute. Hurrengo greba azaroaren 12an izango da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen