Leintz Gatzaga eta Araba arteko muga inguruan, 18. kilometroan, G-627 errepidea itxita dago atzo izandako lur-jauzi baten ondorioz. Beraz, Gasteizera joateko AP-1 edo Krutzetako mendatea erabiltzea gomendatzen da. N-636 errepidean ere lur-jauzia izan da 32. kilometroan, Kanpanzar mendatean, eta errei bat itxi behar izan dute. San Prudentzion ere lur-jauzi baten ondorioz, ez dute erreirik itxi baina tentuz gidatu behar da.

Bestalde, Arrasateko saihesbidean hainbat lurjauzi izan dira, baina oraingoz ez dute eraginik izan zirkulazioan. Putzuak ugaritu egin dira inguruetako errepideetan. Aretxabaletako sarbideak errepide zaharretik itxita jarraitzen du, saihesbidetik sartu behar da herrira. Urkuluko urtegiko igoeran ere lur-jauzi bat izan da eta errepidea itxita dago.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko eskatu diete ibilgailua hartu behar duten pertsona guztiei. Izan ere, gaur, ostirala, euria ari du. Prezipitazioak batez ere goizeko lehen orduetan eta egunaren bigarren partean izango dira, eta baliteke goizean giroa baretzea lurraldeko zenbait lekutan. Ipar-mendebaldeko haize bizia dabil oraindik, eta indarra galtzen joango da arratsaldean zehar. Aldaketa gutxi tenperaturan.
