Errepidea itxita izango da 8:30etik 12:30era Arrasate-Udalatxerako, aurten parekideagoa

0
1686

Arrasateko Udalak gaur (osteguna) zehaztu du urbanoak “goizeko 8:00etatik eguerdiko 14:00etara izango direla gora eta behera”. Errepidea itxita egongo da “8:30etik 12:30era soilik”. Bestalde, Mondraitzek azaldu du edizio honetara 43 emakumek eman dutela izena, “inoizko kopuru handiena”.

Argazkia: MB artxiboa / Kartela: Mondraitz.

Mondraitzeko lagunek prentsa agerraldia egin zuten astearte arratsaldean Taxka taberna-jatetxean.

Antolakuntzak baloratu zuen iazko edizioa ere “arrakastatsua” izan zela, eta aurtengoa aurkeztu zuen, zortzigarrena.

Domeka honetan aurrera eramango da, apirilak 14, eta 400 korrikalari goizeko 10:00etan abiatuko dira Herriko plazatik.

“Lasterketak bere izaera mantendu nahi du” eta ondorioz ohiko “osagai nagusiak mantenduko ditu”.

Edizio honetan ere Arrasate-Udalatx lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da streaming bidez:

“Mondraitz, Arteman eta Goienaren arteko lankidetzaren fruitua den emanaldia izango da eta sarean ez-ezik, Goiena.eus atarian eta Herriko Plazan egongo den pantaila erraldoian jarraitzeko aukera izango da”.

Horretaz gain, “lasterketa denboren jarraipen ofiziala ere handitu da eta lau tarteko denbora erregistratuko dira edizio honetan”.

Herri-lasterketa hau Etiketa berdea ekimenari atxikita dago, hau da, “Arrasate-Udalatx balio etiko batzuk defendatzen dituen lasterketa da eta hauek betetzeko hautua hartzen du”.

“Beste lasterketa batzuekin ahaidetuz, kirol helburu soiletatik harago, lasterketa jasangarriago eta errespetuzkoago bat sortzeko helburu amankomuna daukagu”.

Aurreko edizioetan “ez bezela, Arrasate-Udalatx lasterketako dortsal guztiak minutu gutxitan agortu ziren otsail hasieran”.

Azpimarratzekoa da izena eman duten lagunetatik 126 arrasatearrak direla eta 215 bailarakoak.

“Gainontzeko lasterkariak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako lasterkariak dira gehien bat”.

Aipatzekoa da ere “lasterketak hemendik kanpo ere oihartzunari esker, Bartzelona, Girona, Albacete, Kantabria, Errioxa edo Madrilgo lasterkarien parte-hartzea”.

Generoen arteko kopurua “desorekatua den arren, urtetik urtera presentzia handituz doa eta aurten 43 emakumezko izango dira irteera puntuan, inoizko kopuru handiena”.

Hauen artean “Ainara Urrutia aretxabaletarra izango da irteeran. Dena den, Garazi Abasolo, Ane Zabala edo Iera Urretagoiena garaipeneko lehian ibiliko direla espero da”.

Gizonezkoen artean, “Ibai Larrea antzuolarra izango da faborito nagusia. Garaipenerako lehian, iazko txapeldun Mikel Zabalegi, Aitor Ajuria, Walter Becerra eta Asier Azkarate aurreikusten dira”.

Irabazleak, “emakumezko zein gizonezkoen kasuan, txapela, garaikurra eta 500 euroko saria eramango ditu. Horretaz gain, eta urtero bezela, beteranoen kategoriako saria ere izango da emakumezko eta gizonezkoen kasuan”.

Azkenik, “antolakuntzarako berezia den Joseba Iglesias saria izango da, Udala eta Udalatx tontorreko igoera azkarren egiten duten emakumezko eta gizonezkoarentzako”.

Antolakuntzak, lasterketa egunera begira ohar batzuk helarazten ditu:

Dortsalak Arrasateko “Intersport Loramendin (San Andres auzoan) jasotzeko aukera izango da, ostegun, ostiral eta larunbat goizez. Lasterketa egunean, apirilaren 14an goizeko 8:30etatik 9:30etara banatuko dira herriko plazako arkupean”.

Igande goizean zehar “Udala auzoan trafiko arazoak ekiditzeko, lehen aldiz eta Arrasate Udalari esker doako autobus zerbitzua eskainiko da”.

“Arrasate Pasealekuko autobus geltokitik (Arimazubi Plaza alboan), bi autobus joan-etorri jarraian izango dira”.

Udalak gaur, osteguna, azaldu du urbanoak “goizeko 8:00etatik eguerdiko 14:00etara izango direla gora eta behera”.

Hain zuzen, “lehena 8:00etan aterako da Arimazubitik (Ikastola aurreko geltokitik), eta azkena 14:00etan jaitsiko da Udalatik” kale berera.

Errepidea itxita egongo da “8:30etik 12:30era soilik”. Udalak ziurtatu duenez “honako hauek pasa ahalko dira soilik”:

“Auzoko bizilagunak, behar bezala identifikatuta dauden antolakuntzako kideak eta larrialdi-zerbitzuak”.

Mondraitzek ere dei egiten die herritarrei “lasterketako puntu ezberdinetara autobusez edo oinez bertaratzeko”.

Arrasateko Udalak “azken urteetan sortu izan diren segurtasun arazo eta kotxe pilaketak ekiditeko, segurtasuna
bermatzeko autobus zerbitzua ezartzea lehentsi dugu”.

Horregatik, “dei egiten diegu herritarrei, arduraz jokatu eta kotxea herrian utzi eta autobusa hartu dezaten Udalara igotzeko”.

Bidenaber, “Mondraitz Kirol Klubeko kideok, horren garrantzitsuak diren eta beti alboan dauden babesle, laguntzaile eta bolondres guztiei esker mezua helarazi nahi diegu”.

Azkenik “herritarrei, lasterketa egunaz gozatzera irtetzeko deialdia egiten diegu. Gure parajeetan barrena edo herriko kaleetan lasterketaz gozatzeko aukera izango baita”.

Promozio bideoa ikus-entzungai da Instagramen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen