Errekan zementuzko pieza handiak eta zuhaitzak pilatzen ari dira Araba etorbidean. Bertan bulegoa duen Jose Luis Herizek salatu du “oztopo horiek errekaren maila igoarazi dutela”. “Ondorioz, bulegoko altzairuak, zorua eta aparailu elektrikoak hondatu dizkit”.
Zazpigarren argazkia: J.L. Heriz

Araba etorbidean, txabolen eta etorbideko 15. atariko eraikinaren artean, zubi bat dago. Bertan zuhaitz handi bat trabatuta dago, alderik alde, eta ‘barrera efektua’ egiten ari da, errekatik datozen adarrak eta bestelakoak bereganatuz.
Zubi horretatik 100 bat metrora, errekak, Ibai-ondo etxearen ondoan, oztopo gehiago ditu bere ibilbidean, batez ere abenduko lurjausiaren ondorioz. Luizia abenduaren 5ean izan zen.


Abenduko luiziak horma errekara bota zuen, eta hormaren zementuzko zati handiak errekan geratu dira. “Zati handi horiek errekako uraren maila igoarazi dute”, ohartarazi du Jose Luis Heriz herritarrak eta, besteak beste, “errekaren zabalera estutu dute”.

Lurjausia gertatu eta egun gutxira, abenduaren 9an, inguru berean, J.L. Heriz bulego teknikoari errekako ura bulegoan sartu zitzaion eta urak “zorutik 30-35 zentimetroko altuera hartu zuen. Ondorioz, hainbat egurrezko altzairu, aparailu elektriko, zorua,… hondatu zizkidan”.

Lokala eraberritzen dabiltza azken asteetan, eta horretarako altzairuak eta aparailu elektrikoak ateratzen ari dira, zorua aldatzen, paretak margotzen,…
Egun hauetan aseguru enpresako “perituekin ‘borrokatzen’ nabil, eurak saiatzen baitira ahalik eta gutxien ordaintzen”.

Horren guztiorren ondorioz, herritar honek eskatzen dio “dagokionari, errekako oztopo horiek ken ditzala, berriro horrelakorik gerta ez dadin. Kontuan hartzekoa da oraindik neguan gaudela, eta beraz oraindik ur handiak gerta daitezkeela”.
“Ez dakit nori dagokion oztopo horiek kentzea, Udalari, Aldundiari, Ura Agentziari edota Iparreko Konferentzia Hidrografikoari, baina dagokionari oztopoak ken ditzala”.


“Ni lantokia goitik behera berritzen ari naizenez, onartezina litzateke berriro errekako urak lantokia hondatzea. Euriteak izan direnean, errekaren mailak kezka handia eragiten dit”.