Errefuxiatuei bizi-oinarriak erraztearen alde bozkatu dute EH Bildu eta Podemos Arrasatek

0
505

Zehar Errefuxiatuekin elkarteak gai horretan dihardu, eta mozioa aurkeztu dio Plenoari. Mozioa elkarteak berak aurkeztu du, eta hori EAJ-PNV eta PSOE-PSErentzat “ez da bide ona izan”, argudiatuz mahai ofizial batekin aurkeztu behar zukeela. Biak ala biak abstenitu dira.

Bideoa: Udala / Argazkia: MB artxiboa.

Zehar Errefuxiatuekin elkarteak mozio bat aurkeztu zuen Arrasateko Osoko Bilkurarako, pertsona hauen nazioarteko egunaren harira.

“Gu ere erbeste izan ginelako. Orain babesa izatea dagokigu”. Baieztapen hauekin, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak mozioan ondokoa adierazten du, besteak beste:

“Gerratik, indarkeria politikotik, genero-jazarpenetik, ingurumenaren degradaziotik eta bizitzaren prekarizaziotik ihesi” datozen pertsonekiko “enpatia sentitzen dugu”, hain zuzen, “gure erbestearen memoriak lagunduta”. Mozioak espainiar estatuko Gobernuari ondokoak eskatzen dizkio:

1.- Nazioarteko babesa aitortzeko estandarrak berma ditzala, Europako gainerako demokraziekin bat etorriz.

2.- Pertsona guztien asilo-eskubidea ziurta dezala, hauen jatorrizko herrialde edozein dela eta. Ukrainako krisiak agerian utzi du, borondate politikoa dagoenean, nazioarteko babesa behar dutenak hartzeko mekanismoak egon badaudela.

3.- Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat harrera-sistemaren malgutasuna eta iraunkortasuna ziurta dezala, pertsonak ardatz dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatu ahal izateko. Gure herrialdeko gizarte- eta lan-eremuko aldaketetara egoktuko den sistema bat, behar bereziak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko egokiak izango dituena, eta, aldi berean, pertsonen aniztasuna kontuan hartuko duena (besteak beste, generoari eta sexu-joerari dagokienez, erlijioari eta kulturari dagokienez, adinari dagokionez…).

4.- Tratu-berdintasunari eta Diskriminazioarik Ezari buruzko Lege Integrala onar dezala, eta Tratu-berdintasunerako eta Diskriminazioarik Ezerako organo independente bat sor dezala, diskriminazioaren biktimei arreta, laguntza eta erreparazioa emateko baliabide nahikorekin eta izaera eta eremu desberdinetako politika eta eragile diskriminatzaileak behatzeko eta haietan eragiteko ere.

5.- Gizaki-salerosketaren Biktimak Babesteko eta Laguntzeko Lege Integrala onar dezala.

Era berean, mozioak Arrasateko Udalari honako konpromiso hauek hartzera dei egin dio, “gainerako administrazio publikoekin koordinatuta eta bere eremutik”:

1.- Etxebizitza soziala eta gizarte-, hezkuntza-, osasun- eta kultura-arloko baliabideak eta dirulaguntzak eskuratzeko erraztasunak ematea, nazioarteko babes-premiak dituzten pertsonen eta aberrigabeen zailtasunak aintzak hartzen dituzten irizpideak ezarriz, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak kontuan hartuta, hala nola genero-arrazoiengatik jazarpena jasan duten edo indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeena.

2.- Gizarte-prestazioak eskuratzeko irizpideak ezartzea horien lorpena erraztera begira, eta ez prestazioak etetera bideratuta; esate baterako, jatorrizko herrialdean lortu ezin diren agiriak edo Espainiako estatuan ez dauden senideak salbuestea, izapideak arintzea eta komunikazioa hobetzea.

3.- Enplegu-bilaketa aktiborako sarbidea erraztea, prestakuntza egoki, publiko eta doakoaren bidez, bai tokiko hizkuntzak ikasteko zein etorkizunean enplegua lortzeko aukerak hobetuko dituen prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izateko.

4.- Osasun mentaleko arreta-sarerako edo lan psikologikora zuzenduta taldeetan parte hartzeko sarbidea erraztea, bizi izandako egoera traumatikoetatik errekuperatzen laguntzeko.

5.- Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egitea, prebentzio- eta monitorizazio-neurriak hartuz, eta integrazio-, bizikidetza-, berdintasun- eta diskriminaziorik gabeko planak eraginkortasunez diseinatu eta inplementatzen direla bermatzea administrazioaren maila guztietan, ikuspegi komunitariotik eta beharrezko aurrekontu-esleipenarekin.

6.- Tokiko biztanleei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea, errefuxiatuekin eta migratzaileekin batera gizarteratzea eta elkarbizitzan eragiteko, hala nola zurrumurruen aurkako estrategien bitartez.

7.- Diskurtso arrazista eta xenofoboen aurkako jarrera irmoa izatea, diskurtso politikoek immigrazioa instrumentalizatzen ez dutela eta gorotoaren bidez gizarte-haustura sustatzen ez dutela zainduz.

8.- Zerbitzu publikoetan diskriminazioaren eta tratu-desberdintasunaren biktimei arreta ematea.

9.- Memoria historikoaren balioa azpimarratzea, duela ez hainbeste, gu ere erbeste izan ginelako. Orain babesa izatea dagokigu.

Errefuxiatuei laguntzeko mozio honi “ezin diogu ezezkorik esan”, Udal-gobernuren hitzetan, baina ez zuten mozioa onartu eta abstenitu egin ziren EAJ-PNV eta PSOE-PSE.

Anuska Ezkurrak Plenoan irakurri zuenez, “gogoratu nahi dugu Euskadin badagoela errefuxiatuen arretarako lan-gune bat, gizarte-erakundeen arteko mahai bat, errefuxiatuekiko laguntzan administrazioetako ekintzak koordinatzeko”.

Organo horren partaide dira “Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak, EUDEL eta baita errefuxiatuen alde lan egiten duten hainbat erakunde ere” [sic]. “Besteak beste, Zehar-Errefuxiatuak” [sic]. Zehar-Errefuxiatuekin elkartea izan da mozioa aurkeztu zuena.

“Uste dugu mozioak indar gehiago izango lukeela, horrelako gai garrantzitsu batean, mahaiaren babesarekin etorri izan balitz. Uste dugu bidea ez dela ona izan, beraz abstenituko gara”.

EH Bilduk bere harridura azaldu zuen aurrez “Bozeramaileen Batzordean [EAJ-PNV eta PSOE-PSE] adierazi zenutelako mozioarekin Plenoan ados izango zinetela”.

Maider Morras zinegotziak gogora ekarri du Bidasoako errealitatea: “Astero ez bada, hilabetero pertsona bat hiltzen da” estatu espainiarraren eta estatu frantziarraren arteko mugan. Horrenbestez “uste dugu aipatutako erakundeek eta mahaiak berebiziko garrantzia eman behar diotela gaiari. Uste dugu gaia oso-oso larria dela”. Mozioa Plenoan onartu egin zen, bozketako emaitza hauen ondorioz:

  • Abstentzioak: 12 (EAJ-PNV eta PSOE-PSE)
  • Baiezko botoak: 9 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen