Erradiologia zerbitzua trailer batean emango du “bi hilabetez” Ospitaleak

0
440

Arrasateko erietxe barruan “TAC berria instalatzeko egokitze-obrak” egitekoak dira, eta obra hauek iraun bitartean, Osakidetzak enpresa bati alokatutako trailerrean emango da zerbitzua.

Erabaki honen helburua da “erradiologia zerbitzu lan-asistentziala etenik gabe jarraitu ahal izatea”, Osakidetzak azaldu duenez, eta hartara trailerra erabiliko dute.

Trailer hau erietxearen kanpoaldean dago, Ospitale zaharraren orubean, eta zerbitzua emango du Ospitale barruan “TAC berria instalatzeko egokitze-obrek iraun bitartean”.

Beraz, trailerreko zerbitzua behin-behinekoa izango da. Azken egunetan, behin-behineko zerbitzuak irisgarritasun irizpideak betetze aldera, porlanezko plataforma batzuk jarri dituzte orubean.

Osakidetzak aurten trailerraren instalakuntza eta alokairua kontratatu dizkio Clinical Information System SL enpresari. Trailerra instalatzeagatik eta alokatzeagatik 66.600 € (BEZ barik) ordaintzekoa da Osakidetza. Azpikontratatzeari mugak jartzeari dagokionez, Osakidetzak adierazi du “ez dela egokia”.

Halaber, jakitera eman berri du kontratuak “2 hilabete inguru” iraungo duela. “Edonola ere, epea zehaztuko da TAC berria instalatzeko obren hasierako dataren arabera”.

Kontuan hartzekoa da trailerra dagoen orubean, Ospitalea handitzeko eraikina egingo dela, eta eraikuntza lanei “2023ko bukaeran – 2024ko hasieran” ekingo dietela.

Aipatzekoa da ere egun hauetan beste trailer bat badagoela erietxearen atzeko aldean, erresonantzia magnetikoak egin ohi dituena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen