·Bezeroei eskatu die zerbait eman dezatela ordainlekuetan, eta gero elikagaiekin trukatuko dute Elikagaien Bankuek
·EROSKIk martxan du oraindik Elkartasun Zentimoen kanpaina. Haren bitartez, bezeroek zentimo batzuk eman ditzakete erosketa egiteko orduan une horretan aktibo dagoen kausa sozialerako, zeinetan Elikagaien Bankuak ere egongo baitira urtarrilaren 6ra arte
·EROSKI joan deneko hogei urtean baino gehiagoan ari da FESBALekin
EROSKIk bat egin du gaur hasita, Bilketa Handiaren ohiko kanpainarekin. Datorren larunbatera arte egongo da martxan denda sare osoan. Elkartasun kanpaina bat da, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioari dirua biltzen laguntzeko. EROSKIren sareko 1.100 saltokik baino gehiagok (supermerkatuak, hipermerkatuak eta kooperatibaren frankiziak) aukera emango diete beren bezeroei ekarpen ekonomiko bat egin dezaten Elikagaien Bankuen alde.
Urte berezi honetan, Covid-19a borrokatzeko segurtasun neurriak direla eta, formatua eta dinamika aldatu dira; haatik, lehengo espiritu bera du.
“Aurtengoa ez da edozein urte. Lehen mailako produktuen ohiko dohaintzak bonuekin ordezkatu dira. Bezeroari era seguru eta arin bat eskaini behar genion dohaintzak egiteko, betiere emaitza bera bilatu nahirik: elkartasun kateko begi bat bihurtzea”, esan du EROSKIren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
“Koronabirusaren pandemia dela eta, geure burua berrasmatu behar izan dugu gure biltegietan gutxieneko izakin kopuru egoki bat izateko. Aurten, Bilketa Handia birtuala izango da; hau da, ez dugu janari fisikorik bilduko era tradizionalean. Online dohaintzez gain, Elikagai Bankuen webgunearen bitartez; supermerkatuetan, dohaintzak egiten dituztenek ordainlekuetan bonuak erosita egin ahalko dituzte ekarpen ekonomikoak; horrela, Elikagai Bankuek aurre egin ahalko diogu behartsuenen elikagai eskari handiei; izan ere, egunez egun gero eta gehiago dira“, esan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, Miguel Fernandez jaunak.
Ekarpenak egiteko 5 euroko bonuak prestatu dira, eta bezeroek egoki irizten diotena ere utz dezakete ordainlekuan. Kanpaina amaitzean, lortutako dirua Elikagaien Bankuari emango zaio, behar diren produktuak erosteko.
Aurreko kanpainetan bezala, EROSKIk ekarpen gehigarri bat egingo dio kanpainan bildutako guztizkoari. “EROSKIn ohikoa denez, konpromiso honetan parte hartu nahi dugu, eta kontsumitzaileek emandako kiloei guztizkoaren zati bat batuko diogu gehigarri gisa“, esan du Martinez Berriochoak.
Elkartasun Zentimoak kanpaina ere aktibo
Bezeroek Elikagaien Bankuei lagundu ahalko diete EROSKIren Elkartasun Zentimoak izeneko programa berriaren bitartez, orain aste pare bat martxan jarria bera. Haren bitartez, bezeroek zentimo batzuk gehitu ditzakete beren erosketetan, eta kopuru hori une horretan aktibo dagoen kausa sozialerako eman; kausak aldez aurretik hautatuko dira 3.500 bazkide-bezerori baino gehiagori entzunda. EROSKIren bezeroen ekarpenak jasoko dituen lehenbiziko gizarte erakundea Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioa izango da, urtarrilaren 6ra arte luzatuko den kanpaina. Emandako dirua tokian tokiko Elikagaien Bankuei emango zaie, osasun larrialdian zaurgarri gelditu diren familiei elikagaiak banatu diezazkieten.
Hogei urtean baino gehiagoan Elikagaien Bankuekin lanean
1996an hasi zen EROSKI Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak eta kontsumitzaileek berek proposatuta, behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen kolektiboari elkartasuna erakustea galdegiten zuten eta. Hala, urte horretan bertan hasi zen Kilo Operazioa edo Bilketa Handia, elikagaien bilketa kanpaina, EROSKIko dendetan.
EROSKIk egin duen lana aitortu izan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hain zuzen, hori da Federazioaren saririk handiena, sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmendu diren erakundeei ematen diena.