EROSKI-K bere konpromisoa indartu du EAE-ko tokiko ekoizpenaren alde eginda

0
851

Nabarmentzekoa da tokiko freskoen salmenta %15 igo dela. EROSKI 1.800 euskal hornitzaile ingururekin aritzen da lanean, eta 650 milioi euro baino gehiagoren erosketak egiten dizkie urtero.

Testua: Eroski.

EROSKIk konpromiso indartsua du bere inguruneko ekoizpenarekin, eta horren erakusgarri da nolako bultzada ari den ematen hurbileko produktuei bere sare komertzialean. EAEko tokian tokiko elikagaiei dagokienez, EROSKIren salmentek goraka jarraitzen dute, %14,5 handitu baitira urte honetako lehen seihilekoan.

Tokian tokiko freskoak hazkuntzaren buruan

Tokiko freskoen salmentak gora egin du atal guztietan, eta jada %15 igo da urteko lehen hiletan. Gehienbat urdaitegian eta harategian igo dira tokiko produktuak; hurrenez hurren, %15,6 eta %17,4. Igoera horren oinarrian, EROSKIk honako erakunde hauekin egindako akordioak daude: HAZI Fundazioa (Eusko Labelen erakunde ziurtatzailea) eta Harakai-Urkaiko kooperatiba. Akordio horien bitartez, Euskal Okela AGBak egiaztatutako behi haragiaren sustapena eta komertzializazioa bultzatzen da EROSKI Natur Euskal Okela marka propioarekin. Horrekin batera, hor dira, halaber, EROSKI SELEQTIA markaren barruan “km0” bereizgarriarekin saltzen diren haragi produktuak, eta Euskal Herriko Untxizainen Federazioarekin egindako akordioa, EAEko “Euskal Untxia” untxi haragia merkaturatzeko.

Eskualdeko fruten eta barazkien salmentak ere igo egin dira, %15etik gora aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Bestalde, gure portuetan sartzen den arrainak ere leku berezia du EROSKIren arrandegietan, eta horren salmentak ere goraka doaz, %13 igo baita.

Tokiko produktuen eta sasoian sasoikoen eskaintza zabala gure denden bereizgarri bihurtu da. Tokian tokiko produktuekin dugun konpromisoa igotzen ari da urtez urte, eta gaur egun, COVID-19aren egoera zaila dela medio, lehentasuna ematen ari gara nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak babesteari eta haiekin kooperatzeari, lehen baino are eta indar handiagoz. Tokian tokiko produktuak kontsumitzeko ordua da, berreskuratu eta mantendu egin behar dira bai kontsumoa, bai lanpostuak eta bai ekonomia. Hurbileko produktuak leku nabarmena irabazi du gure apaletan, eta, salmenten bolumena igo izanak erakusten duen bezala, gure bezeroek ere horrelako produktu jasangarriagoak, freskoagoak, sanoagoak eta kalitatezkoagoak hautatzen dituzte”, esan du EROSKIren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

EROSKIren politika komertzialak ahal den gehiena indartzen ditu tokiko ekonomiak, ingurunean aberastasuna sortzeko eta nekazaritzako elikagaiak, gizartea eta ekonomia garatzen laguntzeko. EROSKIk Espainian dituen 4.200 hornitzaile komertzialen erdiak baino gehiago tokian tokiko enpresa ekoizle txikiak dira. Eredu horrek oso dibertsifikatuta dagoen tokiko nekazaritza-ehuna bultzatzen du, zeina giltzarrizkoa baita sektorearen jasangarritasunerako.

Lehen sektoreari laguntza pandemia honetan

COVID-19aren krisiak ixtera behartu ditu ostatu eta jatetxeak, eta jakina da nekazari eta abeltzainek hor saltzen dutela beren ekoizpenaren zati handi bat. Hori ikusita, EROSKIk modu proaktiboan ekin zion lehen sektorearekin lankidetza sistema bat ezartzeari, tokiko produktuei irtenbidea eman nahian.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Hazi erakunde publikoarekin eta Harakai kooperatibarekin batean, EROSKIk hitzarmena egin du, euskal abeltzainek orain ekoizten dituzten arkumeak merkaturatzeko. Era berean, bere ohiko hornitzaileen lankidetzarekin, ekoizle txikien berdura eta barazki soberakinak biltzeaz arduratu ziren, eta beren dendetara bideratzeaz. Gainera, Udapa kooperatibaren bidez, Arabako patata merkaturatzen du, Euskal Baserri markakoa, zeina Cooperativa Nuestra Señora de Ocon eta Garlan y Alavesa de Patatas kooperatibetatik baitator. EROSKIk hitzarmena egina du, halaber, Euskadiko upategiekin, zenbait txakolin eta Arabako Errioxako ardoak sustatzeko.

Janari banatzaileetan lehena Euskal Autonomia Erkidegoan

Kooperatiba izaera duen lehen banatzailea da EROSKI, eta liderra Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien banaketan. EROSKIk 10.000 produktu inguru merkaturatzen ditu, eta hemengo 1.800 hornitzaile ingururekin dihardu, haiei 650 milioi eurotik gorako erosketa eginez urtero.

411 saltoki ditu guztira autonomia erkidegoan, hala nola supermerkatuak, hipermerkatua, cash & carryak, gasolindegiak, optikak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak, eta on line supermerkatua, zeina bakarra baita erosketak EAE osoko edozein etxetara eramaten dituena. EROSKI Cluben fidelizazio programak 840.000 bezero-bazkideentzako inguru ditu autonomia erkidego honetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen