EROSKI-K 100.000 maskara eman ditu dohainik EAE-ko adinekoen egoitzetarako

0
1238

Bere dendak ere maskaraz hornitzen hasi da gobernuak ezarritako gehienezko prezioa baino merkeago. Datozen asteetan denda sare osora zabaltzea da asmoa.

Testua: Eroski.

EROSKIk iragarri duenez, datozen asteetan hasiko da normalizatzen maskaren hornidura bere plataformetan. Eskaturiko aurrenekoak hasi dira heltzen biltegietara. Zaharren egoitzan produktu horren gabezia eta beharra handia denez, horniduraren zati bat EAEko adinekoen zahar-etxeetan ematea erabaki du. Hala, jaso diren maskaretako batzuk hiru probintzietako foru aldundiei emango dizkie, haiek arduratzen baitira gizarte zerbitzu horretaz; hala, hortik banatuko dituzte egoitzetara.

“Elkartasuna oinarrizko printzipioa da EROSKIrentzat; horregatik dihardugu etengabe gure komunitatea nola hobetuko. Aldi honetan, gure aletxoa jarri nahi dugu osasun krisiarekin gehien sufritzen ari diren sektoreetako batean; izan ere, material premia handia dela eta, 100.000 maskara ematea erabaki dugu adineko egoitzetan bana ditzaten. Horretaz gainera, maskarak herritarren eskura jarri nahi ditugu, konfinamenduko neurriak arintzen hasi direnez gero. Hortaz, gure dendetan jartzen hasi gara jendeak erraz erosteko moduan“, azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Dendetako hornidura

Dendak maskarekin hornitzen hasi da EROSKI, kontsumitzaileen eskura jartzeko. Oraintxe bertan, Bizkaiko ia berrogei supermerkatutan eros daitezke, eta astea amaitu aurretik Arabako supermerkatuetara iritsiko dira. Asmoa da datozen asteetan eskura egotea EROSKIk Euskal Autonomia Erkidegoan dituen denda guztietan. Hiru geruzako maskara kirurgikoak dira, sudurrera egokitzekoa dutenak eta elastikoen bidez atxikitzen direnak belarrietara. Eskura egongo dira 50 unitateko kutxetan, eta, oraingoz, hornidura normalizatu arte, bakoitzak egunean kutxa bat erosi ahalko du; xedea da ahal den jende gehienaren eskura egotea produktu hori. Gobernuak markatu duen gehienezkotik beherako salmenta prezioa finkatu du EROSKIk; horrela, edozein herritarrek erosteko modukoak izango dira, zeren eta, gaur egungo gorabeherak direla eta, oinarri-oinarrizko produktu bihurtu baita.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen