EROSKI Fundazioak eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteak (EZE) hitzarmena berritu dute

0
376

EROSKI Fundazioak eta Euskadiko Zeliakoen Elkarteak (EZE) orain bi urtetik hona duten lankidetza hitzarmena berritu dute, eta elkarrekin lan egingo dute aurrerantzean ere elikadura espezifikoa behar duten pertsona zeliakoei erosketa baldintza hobeak eskaintzeko elikagaietan.

Hala, EROSKIk berriz hartu du konpromisoa glutenik gabeko produktuen eskaintza hobetzeko bere saltokietan, non gaur egun 2.500 produktu baino gehiago aurki daitezkeen merkatuan lider diren marketakoak. Horretaz gain, konpromisoa hartu du bere markako produktu espezifikoak ere eskainiko dituela glutenik gabe, eta EZE erakundeak egiaztatuko ditu merkatura ateratzen diren produktu berriak. “Orain bi urtetik hona, glutenik gabeko 550 produktu bermatu baino gehiago ditugu gure markaren barrenean, eta berriki produktu espezifikoen beste sorta bat atera dugu. Hitzarmena berrituta, beste pauso bat eman dugu osasunaren eta jasangarritasunaren arloan hartuak ditugun konpromisoetan, zeinetan kontuan hartzen ditugun elikadura espezifikoa behar duten pertsonek nutrizioaren ikuspegitik dituzten beharrizan espezifikoak, kasu honetan zeliakoenak”, adierazi du Alejandro Martinez Berriochoa EROSKIko Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak.

Beste helburu bat ere badu EROSKIk hitzarmen honekin oraintxe aipatu dugunaz gain: EZEko bazkideei %20ko deskontua eskaintzen die glutenik gabeko produktuak erosten dituzten bakoitzean, izan EROSKI markakoak edo izan glutenik gabeko produktuak egiten dituzten ekoizle espezifikoenak. Bi urteko ibiliaren ondotik, dagoeneko 1.600 erabiltzailek jasotzen dute zerbitzuaren onura, eta hori EZEko bazkideen erdia baino gehiago da. Deskontu hori gauzatzeko, EROSKI Club txartelaren diru zorroan sartzen zaie aurreztu dutena. “Etxean zeliako bat duten familiek gastu handiagoa izaten dute oinarrizko elikagaiak erosteko garaian. Hitzarmen honen bidez, EZEko bazkide izan eta etxean kide bat gutxienez zeliako duten familiek aukera izango dute urtean 300 euro baino gehiago aurrezteko“, azaldu du Martinez Berriochoak.

Euskadiko Zeliakoen Elkarteak, bestalde, konpromisoa hartu du modu aktiboan laguntzeko eta beharrezkoa den aholkularitza eskaintzeko kooperatibari, zeliakoen kolektiboak produktu eta zerbitzu eskaintza egokia eduki dezan. “Zeliakoen Elkarteko kideak oso pozik gaude EROSKIrekin orain bi urtetik hona hitzarmen hau sinatzen dugula eta; gainera, bat egiten du Espainia ospatzen den Zeliakoen Egunaren harira Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen ditugun festekin, nahiz eta aurten, COVID-19a dela eta, ezingo den aurrez aurrekorik egin. Hitzarmena berrituta, beste lorpen bat eskuratu dugu gure aldarri nagusietako batean: glutenik gabeko produktuek daukaten prezio handia arintzea. Eta ildo horretan jarraitu nahi dugu“, adierazi du Mireia Apraiz EZEko zuzendariak.

EROSKIri buruz

Kooperatiba izaerako Espainiako lehen banaketa taldea da EROSKI, eta erreferentziazko operadorea Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan. 1.645 saltokiko sare komertziala du. Saltoki motari dagokionez, baditu supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash&carry-ak eta, horretaz gain, gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak ere bai. Sei milioi Bezero-Bazkide baino gehiago ditu, eta 32.000 kooperatiba-bazkide eta langile-bazkidetik gora.

Euskadiko Zeliakoen Elkarteari buruz

Euskadiko Zeliakoen Elkartea (EZE) erakunde pribatua da, irabazteko asmorik gabea, eta bertan borondatez parte hartzen dute gaixotasun zeliakoa diagnostikatu dieten pertsonek, adingabe zeliakoen guraso edo tutoreek eta glutenik gabeko dieta egin behar duten pazienteek. Bere helburua da doako laguntza eskaintzea glutenarekiko intolerantzia duten pertsona guztiei, eta irtenbiderik egokienak ematea egoera horrek berekin ekar ditzakeen arazo sozialei, psikologikoei eta teknikoei.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen