Aurten 3.339 liztor beltz erregina harrapatu ditu Arrasaten, eta hartara 44 tranpa inguru jarri zituen. Kanpaina honetan Udalak eta boluntario talde batek jardun dute.
Argazkia: artxibokoa.
Dagoeneko bukatu da aurtengo liztor beltzaren (Vespa Velutina) kontrako tranpatze kanpaina. Izan ere udalok, Foru Aldundiak urtero markatzen duen egutegira egokitu beharra daukagu.
Liztor beltzak goiztiarragoak dira bertako beste espezieak baino, otsaila bukaera, martxo hasieran hasten dira irteten, eguraldiaren arabera, beti ere. Apirila aurrera doan heinean, udaberria nabarmentzen hasi ahala hasiko dira bertako liztorrak irteten. Hori horrela, normalean, martxo eta apirila bitartean markatzen da tranpatze kanpaina, bertako espeziei ahalik eta kalte gutxien egiteko helburuz.
Aurten garai horretan orohar, eguraldi kaxkarra izan dugu, elurra tarteko, eta horregatik, kanpaina astebete luzatu dugu. Maiatzaren lehen astean kendu ditugu herrian zehar sakabanatuta jarri ditugun 44 tranpa.
Hiru tranpa mota jarri dira, bat betidanik jarri izan dugun plater borobila, hau oso eraginkorra izan arren zoritxarrez ez da batere selektiboa, mota guztietako intsektuak sartzen baitira. Bigarrena, lehenengo honen moldaketa bat da, ahal den neurrian selektibo bihurtzeko helburuz, eta hirugarrena, botila formako tranpa berria, iaz merkaturatu eta frogatzen hasi ginena. Azken tranpa hau iaz beste tranpekin nahastuta jarri zen eta ezin izan genuen bere eraginkortasuna bereiztuta frogatu, eta hortaz, ez genituen ondorio baikorrik atera. Aurten ordea, puntu bakoitzean tranpa mota bakarra jarri dugu eta jaso ditugun datuak erabat bermatzen dute
botilaren eraginkortasuna, bai harrapaketari dagokionean, eta baita selektibotasunari dagokionean ere. Besteak ez bezala, hauetan liztor beltzak baino ez dira gelditzen, sartzen diren gainontzeko intsektuak irtetzeko aukera baitaukate.
Udalak jarri dituen tranpetan, 2.139 liztor beltz erregina harrapatu dira. Horrezaz gain, boluntario talde bat ere badago, erlezainak gehienak, non udalak zenbait tranpa eta erakartzeko likido ematen dien. Hauek 1200 liztor erregina harrapatu dituzte. Guztion artean, 3.339 liztor beltz erregina harrapatu ditugu.




