Egitasmoaren behin betiko aurrekontua “hasierakoa baino txikiagoa izan daiteke”. Igogailuetan “haurtxoen karrotxoak eta bizikletak horizontalean sartu ahalko dira”. Lau igogailuak “aldi berean estreinatuko dira, Industriaren baimena jaso ostean”.
“Auzoan galdetzen ari dira ea noiz jarriko diren martxan igogailuak – adierazi du Maria Ubarretxena alkateak -, eta gaurko ibilbide gidatuak helburu du bizilagunei azalpenak eman ahal izatea”.
Ibilbidean parte hartu dute, alkateaz gain, Juan Antonio Urdangarinek (Udaleko Hirigintza Saileko buru teknikoa), Igor Kortabarriak (Hirigintza Saileko teknikaria), Xabier Sarriegik (Obretako zuzendaria, Asmatu Ingeniaritzakoa) Andoni Altzelaik (Uribarriko auzo-alkatea) eta Carlos Garatek (Uribarriko batzordekoa).
Udalpe kalea – Anboto kalea igogailua:

Igogailu honetako obrak amaituta daude, eta hiru solairu ditu: lehena Udalpe kalean, bestea Anboto kaleko atari batzuen kotan, eta bestea kale bereko beste atarien kotan.
Obrak abuztuan amaitu ziren baina oraindik ez dago zabalik. Udalak azaldu du “Industriak oraindik ez duela horretarako baimena eman. Baimena emango du aparailuak probatu ostean”. Izan ere, Udalak hasiertaik “prozedimendua izan zen igogailu guztiak aldi berean zabaltzea”.
Ondorioz, dena ondo bidean “igogailu guztiei aldi berean emango zaie baimena. Ezin dira banaka zabaldu, obra berekoak direlako, eta ondorioz aldi berean jarriko dira martxan”.
Noiz izan daiteke hori? Udal-teknikarien aurreikuspenen arabera “aste santu inguruan” izan daiteke.
Herri-autobusaren geltokia igogailuaren ondoan kokatu da, mugikortasuna hobetzeko.
Erguin kalea – Udalpe kalea igogailua:


Igogailu honek ere hiru geraleku izango ditu: lehena Erguin kalean, bigarrena Elizalde kalean (kale peatonala) eta hirugarrena Udalpeko plazako kota berean. Gainera, obrak baliatuta, Erguin kaleko inguru hori txukundu dute.
Udalpe kaleko plazan igogailuak pasarela bat izango du, galiboa errespetatuz, eta enparantza honetan zenbait zuhaitz eta eserlekua jarriko dira.
Plazaren ondoan, Udalpe kalean bertan, hiru atariren irisgarritasun-arauak betetzeko, ranpa eta espaloi zati batzuk egin dira, hain zuzen, 1, 3 eta 5 atarientzako.
Uriburu kalea – Erguin kalea igogailua:


Igogailu honek lau geraleku izango ditu: lehena Uriburu kalean, bigarrena Erguin kaleko atari batzuen kota berean, hirugarrena Erguin kaleko beste atari batzuen kota berean, eta laugarrena Erguin kaleko bidegurutzean.
Zati honek arazo bat izan du Iberdrolarekin, izan ere, “tentsio erdiko kanalizazio bat zegoen tartean”, eta “hori kendu arte, obrak mugatuta egon dira urtebetez”.
Uribarri hiribidea – Uriburu kalea:

Hiru geraleku izango ditu: lehena hiribidean bertan, bigarrena Uriburu kaleko kota batean, eta hirugarrena kale bereko beste kota batean. Azpiegitura “beirazkoa izango da zati handi batean, eta beira ikusgai izango da Iturripe ingurutik eta Munar aldetik”.
Kota baxuenean egongo den igogailua izango denez, “nolabait esateko auzoak bertara sartzen direnei ongietorria egingo dien igogailua izango da”.
Obrak hasi aurretik, inguru horretan trafikoarentzat ranpa bat zegoen. “Inguru horretan harrapaketa batzuk izan ziren”, eta ranpa kentzea erabaki zen.
Bitxikeria bezala, “auzoa egin baino lehen aldapatxo horretatik igarotzen zen Udala auzora igotzeko bidea”, egitasmoko arduradunek azaldu dutenez.
Inguru honetan “gutxienez zuhaitz bat landatuko da eta eserleku batzuk jarriko dira”. Kaleko zati hau orain arte gorabeherak izan ditu, baina obrekin zuzenago egongo da.
Hala ere, ibilgailuek Uriburu kaletik igarotzen jarraitzen ahalko dute, Kopiprest ondoko sarerra erabiliz, eta mezkitaren ingurutik irteten.
Igogailu guztiak:

Igogailu guztietan segurtasun-kamerak jarriko dira, “bai balizko apurketen egileak identifikatzeko, baita batez ere emakumeen segurtasunerako puntu beltzak saihesteko ere”.
Ferixaleku inguruko igogailua “erre zuena segurtasun-kamerei esker identifikatu ahal izan genuen – azaldu du alkateak – epaiketa izan genuen, eta egileak isun bat ordaindu behar izan zuen”.
Erguinera itzulita, bertako igogailuen tamaina 1’50 metro x 1’80 metrokoa izango da, hau da, “Makatzenako igogailuen tamaina bera izango dute. Horrek esan nahi du haurtxoendako karrotxoak eta bizikletak horizontalean sartu ahalko direla”.
Makatzenako igogailuak matxura asko izan ditu, nola saihestu daiteke hori Erguingoetan? “Igogailuak eraikitzen ari dira horrelakorik hemen ez gertatzeko. Enpresa 3 urtez (igogailuak martxan jartzen direnetik) igogailuen mantentzeaz arduratu behar da”.
“Udala lehiaketa bat irekitzekoa da, hiru urte horiek igarota, beste enpresa bat igogailuen mantentzeaz ardura dadin”.
Igogailuen ondoan eskailerak jartzen ari dira, nahi duten oinezkoek alternatiba hau izan dezaten. Igogailu batzuetan hormiru batzuk margotuko dira.
Egitasmo osoaren hasierako aurrekontua 2.570.352’76 eurokoa zen. “Obren ondorioz merketze eta garestitze batzuk izan dira, eta egungo aurrekontua 2’4 milioi baino gutxiagokoa da. Aurreikuspenen arabera, baliteke behin betiko aurrekontua hasierako baino txikiagoa izatea”.
Erguingo auzotarren izenean, Andoni Altzelai auzo-alkateak baieztatu du, “auzotarren batezbesteko adina altua denez, igogailu publiko hauek oso onak izango dira bertako bizilagunentzat”.
Obrak 2019ko abenduan hasi ziren, eta egitasmoko ordezkariek argi utzi nahi izan dute “obrak amaitu ostean, baimenak jaso behar direla, hau da, ezin da obrak amaitu eta berehala irekitzea”.
Horiek horrela, Erguingo igogailuak “apiril-maiatz aldera” estreina daitezke, “uda baino lehen”.
Albistea osatzen gabiltza
Eta bertan zeuden hainbeste aparkaleku kenduta, non utziko dugu orain kotxea? Lehen zaila bazen aparkatzea orain ezinezkoa izango da. Gainera uriburu kalekook ez gara OTA zonan sartzen planoari dagokionez. Aparkalekuak kendu eta gainera OTAtik kanpo!!! Hori da arrasateko biztanleria zaintzeko modua??