Batzarrak adostu du, zuntza aurten jartzeko, Udalari hitzordua eskatzea

0
1530

Alde Zaharreko 70 bizilagun eta dendarik batzarra egin dute, “Alde Zaharra atzean geratzen” ari delako. Aldarrikatu dute “zuntz optikoa aurtengo irailaren 1erako prest izatea”. Akordioa lortu ezean, “mobilizaioak eta Arartekora jotzea” iragarri dituzte.

Alde Zaharreko lau akademiek antolatuta, batzarra atzo arratsaldean egin zen Kulturaten, eta 70 herritar inguruk parte hartu zuten.

Ekimen honetako sustatzaileek beharrezko ikusten dituzte “konponbide zehatzak ahalik eta azkarren” lortzea, horretarako “mugimendu indartsu bat aktibatuz”.

Ekimenaren “iparra da zuntz optikoa aurten izatea”, izan ere, “Alde Zaharra atzean geratzen ari da”.
Egun konexioa behar bezalakoa ez denez “etxebizitzetan, lantokietan,… arazoak izaten ditugu bideokonferentziak egiteko, hainbat komertziotan datafonoak erabiltzeko, HBO edota Netflix ikusteko,…”.

Gestel enpresaren proposamena, beste konpainia batzuekin alderatuta, “gainkostu bat suposatzen digu, soilik Interneteko konexioagatik, 58 euroko tarifa arrunta eskaintzen baitu. 68 euro premium tarifa”.

Gainera “Gestelek iragarri zuen zerbitzua urrian abiatuko zuela, baina hori kontratatu zutenek oraindik ez dute zerbitzurik jaso”.

ADSLa “2024rako desagertu egingo da, Movistarrek azaldu duenez, eta Arrasaten orain arte zuntz optikoa jarri den azken lekua Garaia izan da”.

Ekimenak hemerotekari erreparatu dio, eta prentsan argitaraturiko zenbait informazio gogora ekarri ditu. “2003an adierazi zuten Arrasate osoan zuntz optikoa jarriko zutela urte eta erdiko epean”.

Gainera “Udalak presazko bidea hartu zuen udaletxean bertan zuntz optikoa jartzeko”. 2019an Udalak prentsa bidez adierazi zuen “Udalak zuntz optikoa jarriko zuela”, baina “urtebete geroago kontrakoa adierazi zuen”.

2020an “Udalak Gestelen eskaintza publikoki babestu zuen” eta “orain dio karkabak erabiliko dituela zuntza jartzeko”. Edonola ere, Udalak adierazi du “ordenantza idazteko urtebete behar dela, eta ondoren proiektua Eusko Jaurlaritzara bidali beharko dutela, Alde Zaharra delako”.

Ekimenak batzarrean azaldu duenez, “Compostela, Toro, Toledo, Benasque, Zumaia edota Ermuak lortu dute zuntz optikoa alde zaharrean jartzea, akordio publiko-pribatuen bitartez”.

Gure herrian ere “kalitatezko zuntz optikoa behar da, ekonomikoki ekitatiboa, eta aurtengo irailaren 1erako. Hori lortzeko bidea Udalari dagokio”. “Udaletxeak badu zuntz optikoa, beraz teknikoki posible da Alde Zaharrean jartzea”.

Ekimena prest agertu da zuntz optikoa jartzeko “Udalari ekarpenak egiteko, baina borondate politikoa eskatzen diogu”. Horrela, ekimenak beharrezko ikusten du “martxoaren 15erako Udalak Erdigune osoan zuntz optikoa jartzeko konpromisoa publikoki adieraztea”.

Batzarrak onartu egin zuen lehen pausoa “datorren astean ematea: Udalari audientzia eskatuko diogu gure bideorria azaltzeko. Ez badu onartzen, mobilizazioak egiten hasiko gara eta Arartekora joko dugu”.

Bide horretan Alde Zaharreko 4 akademia hauen “asmoa da akademien talde hau desegitea eta bizilagunekin, komertzioetako langileekin,… lantalde bat sortzea. Taldea ‘Erdiguneko Zuntza 2021’ deitzea proposatzen dugu”.

Ekimenean izena emateko email bat eman zuten: zuntza2021@gmail.com . “Ekimenean parte har daiteke informazioa berbidaltzen, kartelak jartzen,…”.

Herritarren galderen txandan, herritar batek galdetu zuen ea Udalak baduen Gestelekin lotura komertzialik. “Guk ez dugu horretaz informaziorik, baina ondo legoke jakitea”.

Beste bizilagun batek planteatu zuen “Ibai-Arteri eta Arizmendi Ikastolari ekimenarekin bat egitea proposatzea”. Akademiek begi onez ikusi zuten proposamena.

Auzotar honek aipatu zuen “Erdiko Kaleko hainbat bizilagunek, zuntz optikoa lortzeko, sinadura bilketa bat egin zutela, eta sinadurak Udalari aurkeztu zizkiotela”.

Beste bizilagun batek adierazi zuen “Udalak gaia denboran luza ez dezan, Arartekora jotzea, Arartekoa gakoa da”. Ekimenak gehitu zuen Erdigune osoak zuntz optikoa izatea “gure eskubide bat dela”.

Ekitaldiaren amaieran batzarkideek bozketa egin zuten, eta erabaki zuten “datorren astean Udalari hitzordua eskatzea aldarrikapena, bideorria aurkezteko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen