Erdigunean zuntz optikoa jartzeko, bizilagunekin batzar irekia egingo da

0
607

Ekitaldia urtarrilaren 29an egingo da Kulturaten. Kontuan hartzekoa da ADSLa “desegingo dutela telefono konpainiek 2021etik 2024ra”.

Erdiguneko lau akademia elkartu egin dira (AEK, Ardatz, Idiomaster eta Parlance) “Arrasateko Udaleko arduradun politikoei zuntz optikoaren beharra adierazteko eta lehenbailehen erdigunean hau jar dadin eskaera irmoa egiteko”.

Ekimen honek islatu du Alde Zaharreko langile ugarik eta bizilagunek ez dutela zuntz optikorik: “Pandemiaren garai hauetan are argiago geratu da lanerako, eskolarako eta beste edozertarako konektibitate duina lortzea ezinbestekoa dela”.

Kontuan hartu behar da ADSLa, hau da, Alde Zaharrean egun dagoen konexioa, “desegingo dutela telefono konpainiek 2021etik 2024ra. Honek lan egiteko ezintasuna eta mundu digitaletik baztertzea ekarriko lituzke”.

Ekimenak dei egiten die Alde Zaharreko bizilagunei, dendariei, tabernariei, bestelako langileei,… urtarrilaren 29an (ostirala) egingo den batzar irekira. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Kulturaten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen