Sare Arrasatek antolatuta, Miren Azkarate egileak ‘Ikusezinak, erbesteratuen haurrak’ liburua aurkeztu du, euskal iheslari eta deportatuen seme-alaben kontakizunen liburua, Kulturaten. Irati Aranzabalekin izandako elkarrizketan, liburuaren idazketa prozesua kontatu du, baita deportatu eta iheslarien beste seme-alaba batzuen esperientziak ere. Era berean, azaldu du nolakoa izan den bere bizipenak idaztea.
Azkarate kazetariak idatzitako lan honek euskal deportatu eta iheslarien seme-alaben zortzi testigantza jaso ditu, “maletadun haurren” kontakizuna jendartean zabaltzeko. Hasiera batean bere esperientzia kontatu nahi ez bazuen ere, azkenean liburuan sartu du. Aurkezpenaren hasieran berak esan zuen bezala “jaio nintzen egunetik iaz arte euskal iheslari politiko baten alaba izan naiz”. Miren Azkarate Agustin Azkarateren alaba da. Aita Kuban erbestean 34 urte egon ondoren, 2021ean Euskal Herrira itzuli zen, liburua idazten ari zenean.
Azkaratek azaldu du izenburu hau aukeratu duela “horrela sentitu naizelako, ikusezin. Inork ez gaituelako kontuan hartu. Liburua idazten hasi nintzenean konturatu nintzen denok errepikatzen genuela hitz bat zela. Liburuko protagonista guztiak ikusezin sentitu dira.” Liburuak 8 testigantza biltzen ditu, “erradiografia zabala egin nahi izan dut jatorri desberdineko pertsonekin, deportatu baten semea edo alaba zer suposatzen den erakusteko. Denek oso kasuistika desberdinak dituzte, baina sentimendu berberak”.
Miren Azkarateri elkarrizketa: “Tabuarekin ikusezinak izan gara, liburuak zauria pixka bat itxi du”
