Erakusleiho lehiaketa “Gabon giroan murgiltzeko” hilaren 11n hasiko da

0
262

Beheko testua: Udala / Argazkia: MB artxiboa.

Izen-emate epea abenduaren 1ean zabalduko da, 10a bitarte eta Arrasateko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduek har dezakete parte. Arrasateko Udalak antolatuta, lehiaketak helburu du merkataritza zein ostalaritza sustatzea eta, bereziki, Gabon garaian ere tokiko kontsumoa bultzatzea.

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko eta herria zein herritarrak festa giroan murgiltzen hasteko, Arrasateko Udalak urteroko eskaparate lehiaketa jarri du martxan.

Lehiaketaren bitartez, herriko erakusleiho desberdinak apaintzeaz haratago, Arrasateko kaleetan gabon giroa piztea da helburua, merkataritza zein ostalaritza sustatu eta, eguberrietan ere, tokiko kontsumoa bultzatzeko.

Izen-ematea abenduaren 1etik 10era zabalik

Aipatu lehiaketa merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduei zuzenduta dago eta izen ematea datorren ostiralean, abenduak 1, zabalduko da, hilaren 10a bitarte. Interesdunek BAZen edo udal webgunean eman behar dute izena.

Horri jarraiki, erakusleihoak Eguberriei keinu eginez apainduta egon beharko dute, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6a bitartean. Horretarako ezinbestekoa da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu edo genero diskriminaziorik ez izatea eta dendako salgaiak erakusleihoan jartzea.

Sari ugari jokoan

Lehiaketaren baitan guztira 10 sari banatuko dira: 4 epaimahaiak erabakita, herritarren saria, haur eta gazteen saria eta 4 aipamen berezi, azken hauek ere epaimahaiak erabakitakoak.

Epaimahaia Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeak, apainketan, diseinuak edo eskaparatismoan aditua den pertsona batek eta merkatarien elkarteak osatuko dute.

Saridunak erabakitzeko kontuan hartuko dira erakusleihoan Gabonetako giroa islatzea eta erakusleihoa jartzerako garaian izandako irudimena, orijinaltasuna, lanketa edota estilismoa, besteak beste.

Kasu honetan, lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 700 eurokoa, hirugarrena 600 eurokoa eta laugarrena 500 eurokoa.

Aipamen bereziak, halaber, hurrenkeran epaimahaiaren boto gehien jaso dituzten hurrengo lau erakusleihoei emango zaizkie, eta bakoitzak 200 euroko saria jasoko du.

Amaitzeko, epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da eta hedabideen bitartez jakinaraziko da. Bestalde, epaimahaiaren lana errazteko, lanegunetan erakusleihoak 21:00ak arte argiztatuta eduki behar dira.

Herritarren saria eta haur eta gazteen saria

Bi sari hauen kasuan, arrasatearrak izango dira, bozka bidez, erakusleiho gustukoena aukeratuko dutenak.

Herritarren saria halaber, norabide bikoitzekoa izango da, hau da, erakusleiho bat saritzeaz gain (500 €), bozka ematen duten herritarrek ere saria jaso ahal izango dute, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 120 euroko bost bono zozketatuko baitira.

Haur eta gazteen saria 16 urte arteko arrasatearrek gehien bozkatutako erakusleihoari emango zaio. Kasu honetan ere, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten haur eta gazteen artean Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 50 euroko bost bono zozketatuko dira.

Bi kasuetan, bozka telematikoki eman beharko da, udal webgunearen bitartez, abenduaren 11tik 17ra bitartean eta herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du.

Edozein kasutan, establezimendu batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi. Horregatik, epaimahaiaren saria jasotzen duten lehenengo lauak, “Herritarren saria” eta “Haur eta gazteen saria” zerrendatik kanpo geldituko dira.

Sari banaketa, halaber, abenduaren 21ean egingo da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen