Urtebeteko isilaldiaren ondoren, iaz Literaturako Nobel sari bikoitza eman zuen Suediako Akademiak: 2018ari dagokiona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari eta 2019ari dagokiona Peter Handke idazle austriarrari, eta oraintxe erabaki dira haien obra bana euskaratuko duten itzultzaileen izenak: Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek batera aurkezturiko proiektuak irabazi du Tokarczuk itzultzeko lehiaketan, beste sei hautagairen artean, eta Joxe Mari Berasategik jaso du Handke euskaratzeko enkargua, beste hamahiru lehiakide gaindituz. Halaxe erabaki dute aurten izan diren bi epaimahaiek: polonierazkoan Amaia Donés Mendia, Dorota Krajewska eta Monika Czerny izan dira epaile, eta alemanierazkoan David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria.
Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko baliatzen den Jokin Zaitegi sariketa AEDk eta Elkar-ek antolatzen dute, 2002. urtetik, azken urteetan Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Ondo bidean, 2020 urtea amaitu aurretik Nobel saridun bi hauen eleberri bana argitaratuko du euskaraz Elkar argitaletxeak: Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eta Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter. Behin-behinean, horrelatsu izan litezke euskaraturiko izenburuak, hurrenez hurren: Eraman zure goldea hildakoen hezurren gainean eta Atezaina penaltiaren beldur. Lan horiek gehituko zaizkio aurreko irabazleen zerrenda honi:
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Iñigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
Itzultzailea: Santi Leoné
2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta
2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!
Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka
2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu
2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik
Itzultzailea: Iker Santxo Insausti
2016 Bob Dylan: Ehun kanta (oraindik argitaratu gabe)
Itzultzailea: Gartxot Unsain
2017 Kazuo Ishiguro: Egunaren hondarrak
Itzultzaileak: Amaia Apalauza / Iñigo Roque