Zaldibarko hondamendiaren ostean, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du Arrasate-Bergara arteko azpiegitura honek hondakin industrial “ez arriskutsuak” jaso ditzakeela. Mankomunitateari proposatu dio Epelek milioi bat metro kubiko zabor gehiago jasotzea.
Argazkia: MB artxiboa.
Eusko Jaurlaritzak herenegun onartu zuen Debagoieneko Mankomunitateari 2 milioi € bideratzea, Epeleko zabortegia berrireki eta berrerabil dezan.
Zabortegia “behin-behinerako” soilik erabiliko litzateke. Erabilera hau beharrezkotzat jo du, Zaldibarko eta Mutiloako zabortegien itxieraren ondorioz.
Zabortegia 2018an ixtea erabaki zuen Debagoieneko Mankomunitateak, EH Bildu bertako gobernuan zela. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Epelek oraindik 324.730 metro kubiko zabor jaso dezake.
Jaurlaritzak iragarri du Epelek 700.000 metro kubiko gehiago hartzeko asmoa. Jaurlaritzak azaldutakoaren arabera, EAEko egungo zabortegiek “ez dute industriaren beharrak asetzen eta beharrak datozen urteetan handituko dira”.
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2 milioi euroak baliagarriak izan daitezke ere etorkizunean zabortegia “zigilatzeko”.
Edonola ere, Mankomunitateak izango du azken hitza, eta ondorioz bi instituzio publikoek negoziatu beharko dute.