Epaitegiak artxibatu du 3 herritarren aurkako akusazioa

0
1016

Ertzaintzak hirurei leporatu zien “edukiontziak erretzea”, eta Bergarako komisariako kalabozoan gaua pasatu behar izan zuten. Ordea, Bergarako Instrukzioko 1. Zenbakiko Epaitegiak aurreko astean ebatzi zuen “ez dela behar beste justifikatu” hiru herritarrek “auzia abiarazi zuen delitua” egitea.

Ezezagunek urriaren 31n hainbat edukiontzi erre zituzten Arrasaten. Ertzaintzak gau hartan 3 herritar atxilotu zituen, erretako edukiontzien “inguruetan”.

Herritar horietako bat gutxienez etxeratze-aginduaren ostean atzeman zuten. Beste biak auto-istripu banarekin erlazionatu izan dira, baina Mondraberrik jakin ahal izan duenez, “istripu horiekin ez zuten zerikusirik izan”.

Polizia autonomikoak hiru herritarrei delitu bana leporatu zien: “hiri-altzari publikoak kaltetzea, edukiontziak errez”. Atxilo eraman zituen Bergarako komisariara, eta hango kalabozoan gaua pasatu behar izan zuten. Hurrengo egunean epailearen aurrean izan ziren.

Bergarako Lehen Auzialdiko eta 1. Zenbakiko Instrukzio Epaitegia arduratu da auzi honetaz. Instrukzio epaileak atestatua aztertu zuen, hiru akusatuei deklarazioa hartu zien, eta aurreko astean epaia ezagutzera eman zuen.

Epaileak ebatzi du “ez dela behar beste justifikatu” hiru herritarrek “auzia abiarazi zuen delitua” egitea, eta ondorioztatu du ez dagoela hiru herritarrak zigortzeko frogarik.

Beraz, magistratuak erabaki du “auzia behin-behinean largestea”, artxibatzea alegia. Horren aurrean, Fiskaltzak oraingoz errekurtsoa aurkezteko epe barruan dago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen