Endika Donnay (Gipuzkoako Maratoi txapelduna): “Nire lehenbiziko maratoian irabazi dut”

0
858

Atleta arrastearrak balentria lortu zuen 42’195 kilometroko lasterketan, aurreko domekan Donostian, 02:28:56 markarekin, eta berarekin izan gara:

Nolakoa izan zen zure maratoia?

Nahiko ondo, kontuan hartuta nire lehenbiziko maratoia izan zela. ‘Oinak lurrean’ hasi nuen lasterketa, aholkatua zidaten erritmoa kontrolatzea eta hasieran erritmo batean lasterka egitea. Nik hala egin nuen, eta erritmo horri eutsi nion ia lasterketa osoan.

10 kilometro inguruko lasterketatik maratoira egin duzu jauzi. Zer eskatzen du horrek?

10 kilometro inguruko lasterketak prestatzeko, astean entrenamenduetan 100 kilometro inguru egiten nituen guztira. Azkenaldian, maratoia prestatzeko, astean entrenamenduetan 120 kilometro inguru egin ditut denera.

Maratoia prestatzeko entrenamenduetako erritmoak motelagoak dira. Psikologikoki gogorra da. Astean 7 edo 6 egunetan entrenatu dut, ia egunero.

Zein da lekurik aproposena hemen inguruan maratoirako entrenatzeko?

Nik askotan entrenatzeko Oñatira joan naiz bidegorritik lasterka, izan ere, han korrikan jarraitzeko bidegorria luzeagoa da, eta gainera korrikan jarraitzeko aukera gehiago daude, adibidez Usako aldera.

Batzuetan, entrenamendu luzeenak egiteko, 34-32 kilometroko entrenamenduak egin nituen, igandetan. Gasteizen ere batzuetan entrenatu nuen, hiriaren inguruko ‘Eraztun berdean’, 30 kilometro baitira.

Urkuluri adibidez 4 buelta ematea baino erakargarriagoa da ‘Eraztun berdeari’ buelta bat ematea.

Zelan entrenatu duzu arlo psikologikoa?

Maratoia prestatzen lau hilabete eta erdi egin ditut, eta entrenamenduetan mentalizatzen zoaz, borondatea gogortzen da. Ohitu egiten da.

Igandeetako 32-34 kilometroko desgastea barneratzen zoaz. Hasieran gogorra egiten zitzaidan, etxetik irten eta pentsatzen nuen “buf, orain 30 kilometro baino gehiago egin behar ditut”. Baina gero ohitzen zara, gakoa txipa aldatzean datza.

Maratoia irabaztean zer sentitu zenuen?

Poz, satisfakzio itzela sentitu nuen irabaztean, eta gainera fisikoki nahiko ondo bukatu nuen. Lasterketa bat egiteko ez naiz inoiz hain ondo prestatu. 10 kilometro inguruko lasterketetarako ez nintzen hain ondo prestatu.

Aurten hasi naiz AIKE zentroarekin elikadura lantzen, batez ere maratoiak beldur pixka bat eragiten zidalako. Prestaketa espezifikoa egin dut.

Maratoia irabaztean gauza guztietaz akordatzen zara, prestatzeak esfortzu handiagoa exijitzen duenez, irabazteak sentimentalki politagoa da.

Maratoiko irteeran, lasterketa egin aurretik, malkoak atera zitzaizkidan, hunkituta nengoen. Izan ere, 42 kilometrotan faktore asko daude. Ordea, 10 kilometroetan, zure burua ondo prestatu baduzu, erraz bukatzen duzu. Maratoia bestelakoa da:

Bi ordu eta erdian gorabehera asko izan daitezke: tripak txarto jarri, eguraldi aldaketak,… Entrenatzaileak azpimarratu zidan erritmoaren garrantzia:

Entrenamenduetan esaten zidan argi izan nezala 2 segundo pasatu ezkero, “murrua” delakoa sufrituko nukeela. 2 segundo ez dira ia ezer maratoi erdian edo 10 kilometroko lasterketa batean, zure indarrak erregula ditzakezulako.

Maratoian ez, 42 kilometro direnez, desgastea handiagoa delako. Fisikoki eta mentalki erloju bat bezalakoa izan behar da.

Norbaiti eskaini nahi diozu maratoiko garaipena?

Garaipena eskaintzen dizkiet anaiari, Mireiari, gurasoei eta lagunei bereziki. Baita prestaketa gogorrean nirekin izan diren guztiei ere.

Ze plan duzu aurrera begira?

Atzo honetaz hitz egin nuen entrenatzailarekin, eta baliteke distantzia motzagoetara itzultzea. Baina maratoira itzuliko naiz:

2023 bukaeran Valentzia edo Sevillan parte hartu nahi dut. Biek ala biek ibilbide oso laua izatearen ospea dute, eta beraz marka onak lortzeko aproposak dira. Bata edo bestea.

Zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera Endika, zurea da hitza.

Maratoiaren desabantaila handiena da bizitza soziala galtzen dela. Gorputza oso sasoian egon behar da entrenamenduetarako, adibidez igandeko 34 kilometroetarako.

Beraz, ni ezin nintzen asteburuan lagunekin kalera irten eta lau garagardo edan. Zapatuetan etxean afaldu behar, eta ni ohituta nengoen lagunekin edota emaztearekin kanpoan afaltzera. 10 kilometroko lasterketak prestatzeak ez zidan hori exijitzen.

Hala ere, denbora batez bizitza soziala galtzeak, ondoren maratoia irabazteko, merezi du. Ordea, maratoia txarto egin izan banu, baliteke merezi ez izateak.

Zorionak Endika eta eskerrik asko!

Eskerrik asko zuei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen