EMUNek etorkizunera begira ospatu du 25. urteurrenaren topaketa

0
662

EMUNek topaketa batekin ospatu du gaur goizean Iturripen bere mende laurdena. Irekiera eta ongi etorria eman ditu Amaia Baldak Emunen izenean. Lan-mundua euskalduntzeko kooperatiba sortu zutenetik, euskarak zein bilakaera izan duen eta berrikuntza sozialean eragile. Emun eraldatzen ari den antolamendu ereduaz bi gako eman ditu: bezeroak erdigunean eta emunkideak ahaldundu.

Topaketan, Niko Cuencak eta Naiara Goiak online saioei egindako Aniztasuna enpresan eta Elkarlanaren gobernantza gaiei buruz analisi bana egin dute. Niko Cuencak Ekonomian aditua eta egun Enpresa Bidea atari digitaleko koordinatzailea da. Bere txandan Aniztasunaren kudeaketak enpresen arloan dituzten erronkak hizpide, Niko Cuencak dio zalantza berbak LAN hitza ere barnebiltzen duela, baita letra bat aldatuta ALDA hitza ere dakar, eta ANTZA hitza ere bai (eta i bat gehituta, ANITZA). “Zalantzatik egin behar dugu lan aldatzeko baita beste ikuspegi batzuk aintzat hartu ere”.

Elkarlanean gorbernantza hizpide, Naiara Goiak hartu du hitza. Berrikuntzan aditua eta egun Arantzazulab laborategiko zuzendaria da. Enpresak, administrazioa eta eragileen arteko elkarlanaren bideak eta ertzak hizpide, aukerak eta ezinak aztertu ditu. Bost hitzetan laburtu du Goiak Elkarlanean Gobernantza: lubakiak, deliberazioa, ezagutza, konfiantza eta denbora.

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi

Ainhoa Lasa emunkidea oholtzara igo da topaketako bidelagun lanetan. Eraldaketa norbere baitan hasteko barne bidaia egin dute partaideek gaurkoan. Eraldatzeko, norbere egiak zalantzan jarri, ezezaguna ezagutzeko bideak esploratu. Lanaren eta bizitzaren eremu desberdinetako testigantzak protagonisten ahotsean kontatuta entzuteko aukera egon da ere. Norberetik zer eraldatu den kanpoan eraldatzeko, enpresen arloan, herrigintzan, euskalduntzean, gizarte mugimenduetan.

Ondoren, Eraldaketa esperientziak kontatu dituzte Amaia Asuak, Satur Ormazabalek, Julen Mendozak eta Arantza Santestebanek, eta lauek azpimarratu dute zalantzaren balio eraldatzailea.

Satur Ormazabal, Panelfisa kooperatibako zuzendaria, bere interes pertsonalek eraman dute enpresa munduan, inguru hurbilean batez ere, horren erabiliak ez diren ikuspegi sistemikoa eta antzerako tresnak enpresako kudeaketarekin lotzera. Ormazabalek Panelfisan 2010 inguruan sortu zen aldaketa barnetik sorrarazi zela aipatu ditu, zama partekatuz, ikuspegi sistemikoa eta taldetasuna ardatz. Talde batu batek edozer lor dezakeela argi ikusi genuen.

Julen Mendozak hartu du hitza, tokiko erakundeetan jardun du urteetan abokatu, teknikari eta azkenik Errenteriako alkate gisa. Gaur egun gizarte berrikuntza bultzatzeko eta lidergo mota berriak eraikitzeko eraldaketa prozesuetan aholkularia da.

Amaia Baldak, Emuneko koordinatzaile orokorrak, saioa ixteko hitza hartu du: “gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra eraikitzeko lanean dihardugu Emunen, horretarako bidelagun eta eragile gisa ikusten dugu gure burua, eta hori, elkarlanean eta lankidetzan egin nahi dugu, hemen zaudeten eta etorri ezin izan duten beste askorekin batera. Errealitatea eraldatu nahi dugu. Erronka sozialek elkarrekin jarduteko eskatzen digute. Eta elkarlanak eskatzen digu konfiantza, eskatzen digu malgutasuna, eskatzen digu elkarri entzutea… Zalantzari leiho bat irekitzeak balio dezala guzti horretarako”.

Anari abeslaria oholtzara igo da gaurkoan ere. Zalantzari abestuz eman diote amaiera topaketari. Eta kantuak dioenez… kantatu, maitatu eta zalantza ezin badu, ez da iraultza.

25. urte ekitaldia

Garazi Etxaburu dantzariaren pieza desberdinek eraman gaituzte Emun sortu aurreko garaitik gaur eguneko Emun ezagutzera. Eta bide horretan atera berri dugun Liburuxka Ilustratuko ilustrazioek ere lagundu digute (Irati Eguren, Paula Estévez eta Ainara Azpiazu Aduriz).

Testigantza desberdinek eman diote ahotsa eta gorputza garai bakoitzari:

  • Gemma Zubizarreta, Esteban Muruamendiaraz eta Xabier Zubizarretak 60. hamarkadatik aurrera Arrasaten eta Debagoienan sortutako gau eskolak eta kooperatibetan euskaraz lan egiteko saiakerak izan dituzte ahotan. 
  • Imanol Barrenetxea-Arando, Julen Arexolaleiba eta Amaia Baldak Emunen sorrera kontatu digute. 
  • Gaur egun Emunen lan egiten duten Jesus Mari Garai, Saioa Amuriza, Onintza Irigoien, Olatz Olaso, Mikeldi Zeberio eta Maite Inda Emuni buruz jardun dira. Zer nolakoa den bertan lan egitea, nola aldatu den euskara teknikariaren ofizioa azken 25 urtean, nolako izan den euskara planetan lan egitetik genero berdintasun planetan lan egiterako saltoa… 
  • Eragile anitzen ahotan entzun ditugu Emunen bezero eta bidelagunetako batzuk: Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Paul Bilbao Kontseiluako koordinatzailea, Leire Mugerza Mondragon Taldeko Lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusia, Eneritz Muguruza AEDko kidea eta Karmele Perez DanobatGroupeko kidea. 

Eta azkenik, Amaia Balda Emuneko Koordinatzaile Orokorrak eta Kristina Pavo Lehendakariak hartu dute hitza. Amaia Baldak azaldu duenez “sortu ginen eta bizi gara euskalgintzan, Julen Arexolaleibak bideoan aipatzen zuen herri-gogo horri zor gatzaio eta herri-gogo hori bizirik mantentzea dagokigu guri ere. Euskarak lan-mundua behar du. Estrategia eraginkorrak eta bateratuak behar ditugu: arlo sozioekonomikoak heldu egin behar dio euskararen biziberritzean daukan erantzukizunari, gizarte eragileek babestu eta hauspotu egin behar dute sustapen hori, eta erakunde publikoek, araua eta baliabideak barnebilduko dituen marko egokia eskaini behar diete enpresei. Marko hori diseinatzeko lankidetzan jarduteko konpromiso erabatekoa daukagu eta errealitate hori eraikitzeko prestutasuna ere bai.” 

Ondoren, Kristina Pavok gehitu du “gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra eraikitzeko lanean dihardugula Emunen, horretarako bidelagun eta eragile gisa ikusten dugu gure burua, eta hori, elkarlanean eta lankidetzan egin nahi dugu, hemen zaudeten eta etorri ezin izan duten beste askorekin batera. Gizarteak dituen behar sozialei erantzun ahal izateko, denon artean testuinguru egokiak sortu eta artikulatu behar ditugu: lankidetzarako espazio emankorrak behar ditugu. Emun sortzeko, eta lan mundua euskalduntzeko, elkartu ziren bide urratzaileak, euskalanekoak, elkartu zen unibertsitatea, HPS eta gobernua eta baliabideak, eta hainbat enpresatan eragile jardun duten eta erabakiak hartu dituzten norbanakoak. Denen batuketa horrek dauka balioa, eta hori bera behar da, lan mundua euskalduntzen jarraitzeko bezala, bestelako gai sozialetan aurrera jarraitzeko ere.” 

Ekitaldian ikusi ditugun bideo gehienak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen