EMUN kooperatibak 25 urte beteko ditu aurten etorkizunari begira

0
1565

EMUN kooperatibak 25 urte beteko ditu aurten. Mondraberrik Ainhoa Mendibil eta Amaia Balda emunkideekin hitz egiteko aukera izan du, kooperatibak eta gizarteak urte hauetan izan dituzten ibilbideaz eta aldaketez.


Hasierako ibilbidea


EMUN 1997an sortu zen Arrasaten. AEDn bazen lan-munduan euskara sustatzeko talde bat, Euskalan izenekoa. Berau indarra hartzen hasi zenean, bailarako enpresa eta kooperatibetako gero eta euskaltzale gehiago elkartu ziren enpresetan euskara plan pilotuak martxan jartzeko nahiak bultzatuta.

Elay eta Ikerlan hasiak ziren euren euskara plana garatzen. “Plan pilotu horiek garatzeko HPS eta Elayren artean garatutako metodologia bat zegoen, Elhuyarrekin batera garatu zutena. Euskalaneko kideek ere irrika zuten hemengo enpresetan proiektu pilotu horiek abian jartzeko”.

Dani Larrea, Jon Sarasua, Amaia Balda, Gatxi Arexolaleiba, Jesus Mari Garai, Julen Arexolaleiba.


Hastapen haietan Elhuyar eta Irakasle Eskola (egungo HUHEZI) saiatu ziren Elie izeneko enpresa sustatzen, baina saiakerak ez zuen fruiturik eman. Prozesu horretan ibili ziren hainbat pertsonek, Irakasle Eskolak eta Fagorrek besteak beste, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten eta Emun kooperatiba sortu zuten. Hala sortu zen EMUN. Hiru lagun hasi ziren eta urteen poderioz proiektua hazi egin da.

Fagorrekin sinatutako hitzarmena oso lagungarria izan zen, euskara planak sendotzeko metodologia jakin bati jarraiki. Ildo honetan, beste kooperatiba, enpresa eta erakunde publiko batzuei  zerbitzua ematen hasi zen. “Zabalkunde horretan oso lagungarria izan da Mondragonek jarraitu duen politika, euskara planak sustatzen baititu. Horrek ekarri du, besteak beste, Deba bailara izatea gaur egun Euskara Plan gehien dauzkan eskualdea.  Horretan aintzindariak gara. Gaur egun, Deba eskualdean, enpresa handi askok Euskara Planak abian dituzte”.


Egungo EMUNeko osaera askotarikoa da, bazkide langileak ditu, HUHEZI bazkide-laguntzaile da eta Fagor bazkide-erabiltzaile.


Berrikuntza egituratzeko beharra sortu zen hastapen haietan: “Enpresa guztiak bezela jabetu ginen jakintza handia metatzen ari ginela, teknikari asko baikenituen enpresa desberdinetan zerbitzua ematen, eta erabaki genuen berrikuntza egituratzea EMUNen baitan”.

Hala, 2002-2004an, berrikuntza aurrera eramateko lehen urrats egituratuak eman zituzten berrikuntzari lekua egiteko.


2005-2008an, EMUN nabarmen hazi zen eta kudeaketa eredua finkatu zuten, izan ere, “enpresa eta erakunde asko hasi ziren euskara planak garatzen, eta ohartu ginen hori guztia egituratu behar genuela, eta kudeaketa sendotu. Orduan hasi ginen, adibidez, kontziliazio neurriak lantzen”.

2009-2012an gizartean bestelako behar sozialei erantzuna emateko, zerbitzu gehiago eskaintzeari ekin zioten. “Euskara izan da hasieratik gure ardatza, eta halaber, aniztasuna eta kultura, hausnarketa saioak, parte hartzea eta abar lantzen hasi ginen. Osagarriak ziren, eta jauzi handia eman genuen zerbitzuen dibertsifikatze honekin”.

“Euskara sustatzea gizartera berrikuntza ekartzea da”, horregatik, behar berriak agertu ahala, berrikuntza sozialaren txapelpean jarraitu zuen lanean Emunek.

Zerbitzuak

Egun antolaketa eredu berri batean buru-belarri dabil EMUN. “25 urtetako ibilbideak aldaketa sakonagoak egiteko oinarri sendo bat eman digu. Une honetan elkarlana oinarri duen antolaketa eredu horizontalagoa martxan jartzen dihardugu, TEAL eta eta beste eredu batzuk ardatz hartuta. Ikaste eta esperimentatze prozesu betean murgildurik gaude”.


Kooperatiba arrasatearrak zerbitzu sorta zabala eskaintzen du egun.  Bezeroak ere askotarikoak dira. Bere jardunaren %75 inguru enpresetan garatzen dihardute, eta gainerako %25 administrazio publikoari eskaintzen dioten zerbitzuak dira.


Euskara planekin batera, enpresetan nahiz administrazioan genero berdintasun planak eskaintzen dituzte: diseinuak, inplementazioak, formazioa, sensibilizazioa eskaintzen dituzte. “Enpresetan hasi gara eta apurka administrazioan ere bagabiltza kontziliazioaren inguruan lanketak egiten.”


Bestalde, gobernantzako zerbitzuak eskaintzen dituzte: parte-hartzea, aurrekontu parte-hartzaileak, formazio saioak,…  “Agenda 2030ko lanketak ere jorratzen ditugu”.

Erronka berriak

EMUN mende laurden honetan nabarmen aldatu da, bilakaera handia izan du: “Konturatu gara gizartean beharrak askotarikoak izan direla, behar asko gurutzatzen direla, eta ondorioz, gure eskaintza zabaltzen jarraitzen dugu”.

EMUNen ezaugarrietako bat berrikuntza izanik, jakintza zabalak eta esperientzia sakonak metatzen joan da. “Ardura handia hartu dugu gure gain, garapenarekin gure burua jantziz. Inguru sozial honetan konpetentzia gakoak, talde lana, lidergoa eta bestelako konpetantzia asko garatzen saiatu gara. Horri denbora eskaini diogu. Ekimen asko taldeka egin ditugu, berrikuntza proiektuen bitartez, pertsona ezberdinak elkartuta, eta abar. Hori da gure ezaugarri nagusietako bat”.

Kooperatiba honen beste ezaugarri bat bizitza eta lana kontziliatzeko dituen neurriak dira: “Emunkide asko ordutegi murrizketan dago, baina, horrez gain, beste neurri asko ditugu: telelana, baimen bereziak, ordutegi malguak, etab”. Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskalgintzako erakunde eta enpresek kontziliazio erantzunkidean egindako ibilbidearen azterketa eta ikaspenak” ikerketa txostenean aipatu bezala, euskalgintzako hainbat erakundek kontziliazio neurri aurreratuak dauzkagu beste enpresen aldean. Konfiantzan oinarritutako sistema bat da, eta neurriok kontziliazioa ahalbidetzen dute”

25 urte hauen balorazioa

“EMUN nabarmen eraldatu da mende laurden honetan bidelagun dituen bezero eta erakundeei esker, eta hortik dator urteurreneko #EraldaketanGara. EMUN eragiteko sortu zutelakoan gaude, uneko bezeroen beharrak asetzeko, eta gure ADNan markatuta dagoen baliorik garrantzitsuena da. Etengabean gizartearen beharrei adi gaude, eta horri erantzuteko, aurrez gure burua eraldatzen dugu, ondoren bezeroei laguntzeko”.


“Ildo honetan komeni da balioan jartzea, bai Arrasaten, bai Debagoienean ere, bai eta kanpoan ditugun enpresek nahiz administrazio publikoek, zer-nolako eraldaketa egin duten 25 urteotan, eta EMUN bidaide. Gu ere eurekin batera eraldatu gara. Gure bezeroak ez dira bezero soilak, elkarlanezko harremana dugu eta gure parte ere badira”.

Euskararen egoera lan-munduan

EMUNek hasieratik ikusi zuen lan-mundua euskalduntzearen beharra. “Momentu honetan euskara lan-munduan nahiko ahul dagoela esan dezakegu. Bereziki Debagoienean eta Lea-Artibain euskara plan batzuk martxan daude. Ahalegin handiak egin dira, bestalde, merkataritzan euskara sustatzeko. Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko plan bat dauka, baina nekeza izaten ari da berau aurrera eramatea.”

Euskara kudeatzeko plan orokor baten aldeko apustua egiten du EMUNek. “Ekintza solteak egin egiten dira, tartean ekintza oso garrantzitsuak, baina beharrezkoa da modu integral batean artikulatzea sustapena. Beharrezkoa da interes taldeen artean indarra egitea euskara erdigunera eramateko, eta enpresek eskaera hau jaso dezatela bai euren ingurutik, bai enpresa barruko langileengandik ere”.

Dena den, tamalez argi dute une honetan halako aldaketa erraza ez dela. “Gizartea nabarmen aldatzen ari da, eta enpresa munduan erronka asko dituzte. Eraldaketa sakonak gertatzen ari dira, eta gai sozialak mahai gainean jartzea ez da une honetan lehentasunezko. Halere, begirada kontu bat ere bada. Ziurgabetasun garaietan ilusioa eta indarra emango duten proiektuak ere beharrezko dira, norberaren enpresak inguruan eta enpresan bertan erantzunkizunez jokatzen duela askorentzat ilusionagarria izan liteke, eta euskara eta genero planek horretarako bide eman dezakete.”


%1 dira une honetan Euskara planak garatzen dituzten enpresak. “Gure lurraldean enpresa asko ETEak dira, Enpresa Txiki eta Ertain ugari daude, eta horietara iristeko arazoak dauzkagu. Gainera, politika gehienak euskara edo berdintasun zerbitzuetatik bideratu dira, baina gai hau ekonomia sustapenean edo ekonomia arloan ere kokatu beharra dago. Hau da, enpresekin harremanak dauzkaten arloei dagozkie, eta politikak eta programak hortik abiatu behar dira, ez euskara zerbitzuetatik soilik”.


Eraldaketan jardunaldiak: Zalantzari lehio bat


Mende laurdena ospatzeko, urrirako eraldaketari buruzko jardunaldi bat egingo da. Eta horren ostean 25 urteak ospatu eta omentzeko ekitaldia ere antolatu dute: “Orain arte egindako ibilbidea balioan jarri nahi dugu urteurren honetan”. Topaketa Arrasaten egingo da urriaren 6an, goizeko 9:45etik eguerdiko 13:30era Iturripen. Zorionak EMUN! Aurrera!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen