Emazte eta amaginarreba ohiak erail zituen Arrasateko gizonaren aurkako epaiketa hasi da

0
1659

Indarkeria matxistaren beste bi erailketa hauek Gasteizen egin ziren. Ondoren, gizonezkoak bere burua leihotik bota zuen. Epaiketan emazte ohiaren bi gertukok eta auzipetuaren bi lagunek deklaratu dute.

Argazkia: EFE agentzia.

Biolentzia matxistaren bi erailketa gehiago izan ziren 2018ko apirilaren 20an, Gasteizen. Krimenen epaiketa abian da Arabako Probintzia-Auzitegian.

Auzipetua Arrasateko gizonezko bat da, J.R. inizialduna, egun horretan emazte eta amaginarreba ohiak erail zituena, Gasteizen, emakumeak bizi ziren etxean.

Bi emakumeen bizitzeko eskubidea urratu zuen, eta ondoren etxebizitzari su eman zion, baita leihotik bere burua bota ere. Ordurako suhiltzaileek etxepean koltxoneta bat jarria zuten, eta gizonezkoa ez zen hil.

Ertzaintzak atxilotu zuen eta epaileak bere espetxeratzea agindu zuen. Epaiketan auzipetuari egozten zaizkio hilketak azpikeriaz egitea, bi larrigarrirekin: “senidetasuna eta genero-arrazoiak”.

Fiskaltzak 50 urteko kartzela-zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak eta herri-akusazioak, hauda, Clara Campoamor Elkarteak 55 urteko espetxe-zigorra.

Era berean, eskatu dituzte akusatuari bere haurrekiko guraso-ahala kentzea eta biei ala biei milioi bat euro baino gehiagoko kalte-ordaina ordaintzea.

Epaiketan 9 herritarrek zinpeko epaimahaia osatzen dute. Gaurko saioan, besteak beste, gizonezkoaren bi lagunek deklaratu dute, bikotea osatzen duten bi lagunek. Adierazi dute J.R. inizialduna dibortzioaren harira “deprimituta” zegoen arren, egiten zituen gauzez kontziente zela, “bere baitan zegoela”. Auzipetuak, beraz, emakumeak harremana eteteko askatasun-eskubidearen aurka jo zuen.

Deklaratu dutenez, batzuetan agertu zien bere buruaz beste egiteko asmoa, edo bere kotxea seme-alabekin kamioi baten aurka jotzeko asmoa, bere emazte ohia kaltetzeko, baina “adorerik” ez zuela izan.

Auzipetuak onartu du berak bi emakumeak erail zituela, baina auzipetuak argudiatu du bere “onetik aterata” zegoela.

Deklaratu duten bi lagunek, auzipetuaren lagunak ziren gaztaroan, eta harreman estua izan zuten auzipetuarekin eta bere bi haurrekin, Arrasatera bizitzera itzuli zenean, dibortzioaren ostean, gurasoen etxera bizitzera itzuli zenean.

Bikoteak adierazi du auzipetuak bere haurrak “hozkeriaz” tratatzen zituela, eta berari “esanarazten” ziela amak Gasteizen zer bizitza zuen.

Behin auzipetuaren anaiek esan zieten J.R. Donostiako ospitale psikiatriko batean zegoela, autopistatik ibiltzen atzemana izan ostean. Gutxienez bitan bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Auzipetuak deklaratu du “burua pixka bat galdu” zuela. Lagunetako batek berretsi du, J.R. deprimituta zegoen arren, egiten zituen gauzez kontziente zela.

Gehitu duenez, Donostiako ospitale psikiatrikoko langileek azaldu zioten J.R. “ondo” zegoela eta “ez zegoela ospitalizatuta egon behar”.

Epaiketan ere emazte ohiaren lagun batek eta ezagun batek deklaratu dute. Adierazi dute auzipetuak emazte ohia akosatu egin zuela, hilketen aurreko egunetan telefonoz behin eta berriz deituta.

Azaldu dute emakumea beldur zela, gizonezkoak seme-alabei egin ziezaiekeenaren beldur. Gehitu dutenez, J.R.ek ez zuen buruko gaitzik.

Datozen egunetan forentseak eta Ertzaintza deklaratzekoak dira. Aurreikuspenen arabera, epaiketak martxoaren 9 edo 10era arte iraungo du.

Erasoen biktimek eta erasoen lekuko direnek ondorengo laguntza-zerbitzuak dituzte eskura, ondoko telefono zenbakietan:

  • Udaltzaingoa: 943 25 20 10 edo 092
  • Larrialdiak: 112
  • Eusko Jaurlaritzaren 24 ordutako zerbitzua: 900 84 01 11. Honek ez du telefono deiaren arrastorik uzten eskuko telefonoan

Erlazionatutako edukia:

Indarkeria matxistaren biktimek arreta zerbitzua jaso dezakete

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen