Bertako emakumeen testigantzetan oinarrituta, ‘Elgeta 1937, Emakumeen Memoria’ komiki historikoa aurkeztu da herrian. Lanaren egilea Aiert Zubigarai Kapelastegi dugu.
Kartela: Aiert Zubiagarai / Bideoa: Intxorta 1937 – Ines Osinaga / Argazkia: Intxorta 1937.
Aiert Zubigarai (3izkai) gidoilari, komiki marrazkilari eta Laumunarrieta 1937 elkarte memorialistaren kide dugu.
1936ko estatu kolpearen ondoriozko gerran giroturiko komikia egin du, baita argitaratu ere.
“Emakumeen ikuspuntutik eta euren testigantzetan oinarrituta, asmatutako pertsonaiak erabiliz, garaiaren birsortze historiko erreal bat sortu dut”.
Lanaren izenburua ‘Elgeta 1937, Emakumeen Memoria’ da, ondoko testuinguruan kokatuta:
“1937, apirilaren 24ean Elgetako herria faxisten menpe erortzen da. Aurretik 7 hilabete luzez gudariek Intxortako frontean tropa matxinatuen aurrera egitea eragotzi zuten”.
Orain, “behin frontea apurtuta, nagusi faxistek hauen soldaduei ‘karta zuriarekin’ saritzen dituzte. ‘Karta zuria’ Elgetako famili errepublikazaleetako emakumeak bortxatzeko”. Benetako bizipenetan oinarritutako komikia da:
- Elgetan “abusos” egon zuazen (Soledad Kapelastegi)
- Orduan nahi dabena egitteko ‘carta blanca’ emun otsen. orduan edozer gauza egin eikien emakumiei, edozer, edozer… (Felisa Iturricastillo)
- Ondorengo testigantza (Anttoni Telleria)
Lan historikoa dagoeneko Bilbon eta Elorrion aurkeztu dute, baita atzo, apirilaren 29an Elgetan bertan ere.
“Ekimenaren asmoa da emakumeen memoria berpiztea, gogoratzea eta zer gertatu zen aditzera ematea, gure gizarteak kontzientzia hartzeko helburuarekin, halakorik berriro gertatu ez dadin”.

Horretarako “emakumeek bizitakoaren ikerketak aztertzen du II. Errepublika garaian hasi eta Bilboranzko faxisten gerrako ibilbidea”.




