Emakumeek dolu migratorioa gainditzeko Loratzen topagunea abiatu da

0
813

Talde irekiaren dinamizatzaileak, Marisol Abreuk azaldu digu “helburu orokorra dela emakume migratuek euren burua kementsuago sentitzea, laguntza dutela sentitzea, euren proiektu migratorioan aurrera egin ahal dezaten”. Horretarako, Emakume Txokoan “espazio atseginago bat, eta hurbiltasun handikoa” eskaintzen zaie.

Emakume Txokoaren otsail eta ekain arteko egitaraua martxan dago, eta atzo esaterako Loratzen abiatu zuten.

Marisol Abreu dinamizatzaile eta laguntzaileak adierazi du “gai ezberdinak jorratzen ditugula, baina funtsean hiru helburu nagusi dira: gure burua ezagutzea, baloratzea eta onartzea”.

Badira beste xede batzuk ere, adibidez parte-hartzaileen artean “elkar laguntzea, toki berri honen inguruko informazioa elkar trukatzea”.

Izan ere, kontuan hartzekoa da parte-hartzaile batzuk “duela hilabete bat edo bi iritsi dira” herri honetara.

Beste partaide batzuek “denbora luzeagoa daramate hemen, iritsi berrientzat erreferenteak dira, eta gomedioak ematen dizkiete”.

Informazio erabilgarri horiek “iritsi berriei lagun diezaiekete euren burua jakitunago sentitzeko. Baita eurentzat berria den gizarte honetan egokitzeko ere”.

Horretarako, Loratzen izeneko “gunea atseginago bat da, eta hurbiltasun handia duaka, helburua baita eurak talde honetan seguru sentitzea”.

“Talde honetan hitz egiten duguna konfidentziala da, eta horri esker eurek adierazteko askatasuna sentitzen dute”.

Hizketagai dituzte “euren egoera, euren sentimenduak, noiztik dauden herrian, zein zailtasun dituzten egunerokotasunean,…”.

Hau da, “dolu migratorioa lantzen dugu, izan ere, jorratzen dugu norberaren jatorria uzteak suposatzen duena, baita toki berri batera iristeak ere”.

“Egokitze prozesuak fase ezberdinak ditu, hemen aztertzen ditugu, eta eurek hori jakinda, dolua gaindi dezaten eta egokitu daitezen”.

Garrantzitsua da “dolu migratorioa existitzen dela jakitea, hori ezagutze soilak emakumea laguntzen du, kontuan hartuta askotan ez dela errealitate hori bisibilizatzen”.

Dolua deitzen zaio emakume migratuak “galera asko dituelako, baina gauza asko irabazten dira ere. Emakume askok euren sorterrian euren seme-alabak, adineko gurasoak,… utzi behar izan dituzte”.

Horrenbestez, Loratzen “euste, entzute eta laguntza gune izatea du helburu, prozesu horretan”.

Saioak 15 egunean behin egiten da eta ondorioz partaideen artean “lokarriak zein harremanak sortzen dira, baita partaide bakoitzak bizi duenaren jarraipen bat ere”.

Horri esker “oso polita da ikustea partaide bakoitzaren eboluzioa, lorpenak eta aurrerapausoak”.

Honetan guztian aintzat hartzekoa da “norberak zein helburu duen, norbera proiektu migratorio batekin baitator”.

Saio bakoitza “bakarra da, eta nik aurrez prestatzen dut saioan lantzeko puntu batzuk, baina gero saioan beste gai batzuk sortzen dira edo prestatutako gaiak baina beste ikuspuntu batetik begiratuta”.

Izan ere, “saioak berak beste behar batzuk planteatzen ditu, eta behar emozional eta psikologikoei arreta egiten diegu”.

Hori guztia “taldean jorratuta, zeren eta partaide bati egunerokotasunean gertatzen zaizkionak guri guztioi gertatzen zaizkigu. Ez gara estralurtarrak eta pairamen berdinak ditugu, gutxi gorabehera behintzat”.

Saioak ere mahai gainean jartzen du emakume migratuak sufritzen duen “zapalkuntza hirukoitza: sexismoa, arrazismoa eta klasismoa”.

“Honek ez du helburu gure burua biktimizatzea, ezta urrundik ere. Helburua da informazio nahikoa izatea zapalkuntza egoerari aurre egin ahal izateko”.

“Horrela, gutxietsita sentitu diren egoeretan, tratu hori ez onartzeko eta mugak jartzeko aukerak dauzkate. Baita euren burua onartzea ere”.

Taldeko dinamizatzaileak parte-hartzaileak “laguntzen ditut, saioak dinamizatzen ditut, eta beste helburu nagusietako bat gure burua ahalduntzea da”.

“Helburu orokorra euren burua kementsuago sentitzea da, laguntza dutela sentitzea, eta euren proiektu migratorioan aurre egin ahal dezaten”.

“Egokitu daitezela, sentitu dezatela eurentzat leku bat egon badagoela gizarte honetan”.

“Migratzearen ondorioetako batzuk desorientazioa, deserrotzea eta ezezagutza dira, eta horrek pertsonari nolabait oinarria galtzea suposatzen dio”.

Testuinguru honetan “talde bat daukazula, zuretzat dela jakitea laguntza oso handia da, oso atsegina da, indartsua eta kemena eragiten du”.

Loratzen “talde irekia da, eta partaide batzuek ez dute beti saioetan parte hartzen, adibidez lana leku urrun batean lortzen badute, hara joan behar izaten dira. Migratzaileen artean hori ohikoa izaten da”.

Taldeak gehienez “15 partaide izan ditzake, baina normalean 8 eta 11 partaide izaten gara. Gonbidatuta daude laguntza behar duten emakume migratu guztiak, batez ere iritsi berri direnak”.

“Edozein nazionalitateko emakumeak gonbidatuta daude, eta garrantzitsua da oinarrizko gaztelera maila izatea. Nik euskara apur bat dakit baina tailerra gazteleraz da”.

Ateak zabalik dituzte ere “laguntza emateko prest dauden pertsonak, hain zuzen, herrira iritsi berriak diren emakumeei laguntza emateko”.

Hauetako lagun bat Nathali Loureiro dugu, 2006. urtetik hemen bizi da eta “nik uste nuen ez nuela saioan parte hartu beharrik, dagoeneko hemengoagoa naiz Venezuelakoa baino”.

“Hala ere, parte hartzera animatu ninduten eta etorri nintzen lehen alditik soilik behin edo bitan ez dut etortzerik izan. Hemen gustura nago, konturatu naizelako hemengoa naizen arren, hemengoa ez naizela, beti Venezuelakoa izango naiz”.

“Migratzailea naiz, onartu beharra dago, eta ni Arrasatera iritsi nintzenean talde honen antzeko laguntza izatea nahiko nuke”.

“Jende oso atsegina ezagutu dut, eta euren egoera eta nirea ezberdinak badira ere, azken finean antzekoak dira. Garrantzitsua da antzeko egoeran dauden pertsonekin hitz egitea”.

Saio hauei esker “familia txiki bat bezalakoa sortu dugul, eta nahiko gustura nago”. Talde irekia zapatuetan elkartzen da, 15 egunean behin, eta honatx datozen datak:

Otsailaren 22an, Martxoaren 8an eta 22an, apirilaren 5ean eta 26an, eta maiatzaren 10ean eta 24an.

Bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Emakume Txokoan. Aupa Loratzen eta ongi etorriak!

Emakume Txokoaren egungo egitaraua

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen