‘Emakumeak protagonista’: Maite Asensiok Mariluz Esteban elkarrizketatuko du

0
124

Emakume Txokoak antolatuta, elkarrizketa irekia egingo da etzi (asteazkena) Kulturaten. Maite Asensio Lozano kazetariak Mariluz Esteban Galartza antropologo eta aktibista feminista elkarrizketatuko du.

Argazkiak: Uberan eta Pikara Magazinea.

Etzi, asteazkena, Arrasateko Udaleko Emakume Txokoa zerbitzuak ‘Emakumeak protagonista’ deituriko elkarrizketa saioa antolatu du arratsaldeko 19:00etarako Kulturaten.

Elkarrizketa publiko hauetan, izenak berak adierazten duen bezala, emakumeak dira protagonista, hain zuzen, Euskal Herrian esparru ezberdinetan erreferenteak diren emakumeak hartzen dute parte, beren ibilbidea eta egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.

Horrela, elkarrizketa saioen helburua da, besteak beste, herrigintzan, eremu ezberdinetan emakumeek egiten duten lana ikusaraztea. Horrez gain, emakumeen parte-hartze soziopolitiko eta kulturalaren inguruko hausnarketa ere mahai gainean jartzen da.

Gauzak horrela, maiatzaren 5erako Emakume Txokoan antolaturiko saio horretan, Mari Luz Esteban Galartza izango da gonbidatua eta emakume elkarrizketatua. Mari Luz antropologoa eta aktibista feminista da eta Gizarte-Antropologiako irakaslea da UPVn. Hain zuzen antropologia feministan, medikuntza antropologian eta gorputzaren eta emozioen antropologian da aditua.

Hainbat liburu argitaratu ditu, tartean, ‘Feminismoa eta politikaren eraldaketak’ saiakera, eta, azkena, ‘Andrezaharren manifestua’ poesia liburua. Bere jardunak, beraz, irakaskuntza, ikerkuntza, literatura eta konpromiso soziala bateratzen ditu.

Elkarrizketatzailea, halaber, Maite Asensio Lozano izango da. ‘Berria’ egunkariko kazetari eta idazle feminista da. 2014an ‘Argia’ saria jaso zuen kazetari jardunean genero-berdintasunean eginiko ekarpen guztiengatik, bere konpromisoagatik eta berdintasunari ematen dion garrantziagatik. Areago, 2018an Arantxa Iraola Alkortarekin batera ‘Alardeak, ukatutako plazara’ saiakera liburua argitaratu zuen.

Horrela, bien arteko solasaldiak ikuspegi feministatik errepasoa egingo dio egungo egoerari eta horrekin batera, Mari Luz Estebanen lana eta ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko direnek.

Egungo osasun egoera kontuan izanik, aforoa 70 pertsonara mugatuko da eta iritsiera ordenaren arabera beteko dira eserlekuak.

Emakume Txokoak maiatzerako antolaturiko ekitaldien artean, halaber, hilaren 19an ‘Esnatu naiz’ kabareta eskainiko da Andoni Mutiloaren eskutik. Horren zehaztapenen berri aurrerago emango du Udalak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen