EMAKUME TXOKOAREN EGITARAUA: otsailetik ekainera

0
716

Goiko argazkia: MB artxiboa / Irudia eta beheko testua: Udala.

Jabetze eskolako plangintzan iraupen luzeko 11 ikastaroez gain, bi ikastaro labur ere eskainiko dira, trinkoagoak. Eta izena emateko epea otsailaren 5etik 9ra egongo da zabalik. Zinema ziklo berri bat jarriko da martxan, Arantza Santestebanek gidatuta: Zinema Berbaldi Feministak.

Udaberriko plangintza berria prest dugu Emakume Txokoan. Egunotan iritsiko zaie herritarrei, etxeetara, informazio osoa jasotzen duen liburuxka. Eskaintza berria eskuragarri egongo da ohiko kanaletan ere, webgunean, sare sozialetan…

Jabetze eskolako ikastaroak

Jabetze eskolako ikastaroetan izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 5etik 9ra bitartean.

Ospatu berri dugun 20. urteurrenean aldarrikatu bezala, Emakume Txokoan, eta formazioa eta topagunea ardatz dituen emakumeentzako Jabetze Eskolan, topo egiteko konfiantzazko guneak eskaintzen jarraitu nahi dugu, elkar irakurriz, zainduz eta aktibatuz.

Hainbat gai eta lan ildo izango dira eskolan hiruhileko honetan ere: emakumeon* autonomia eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko bitartekoak eskuratuko ditugu; osasunari, zaintzari, sormenari, kulturari… lotutako hainbat gai landuko ditugu gure bizitzetako eta inguruneko esparruetan eragiteko, ikuspegi feministatik; finean, hausnarketa feministetan sakondu, eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa landuko ditugu.

Jabetze eskolako plangintzan iraupen luzeko 11 ikastaroez gain, bi ikastaro labur ere eskainiko dira, trinkoagoak.

Besteak beste, aukera izango dugu emakume filosofoen ekarpena ezagutzeko, Filosofian aditu Marisa Hurtadoren ikastaro berri interesgarri batekin, eta Gorputz Paisaia landuko dugu Alba Fernandez dantzariaren proposamen berritzailearekin.

Aipamen berezia egin nahi diogu haurren kontrako sexu indarkeriaren inguruan gogoeta proposatzen duen tailerrari. Apirilean antolatutako gune honetan, gaian sakondu ahal izango dugu Maitane Urizar Elorzarekin: Nondik abiatzen da indarkeria mota hau? Zein da gaur egungo egoera Euskal Herrian? Zer egin genezake horrelako egoera batekin topo egiten badugu?

Mejilon Tigre kolektiboko kide Ane Garcíak ere proposatuko digu hitza eta sormena pizteko, maiatzean, beste tailer batean.

Jabetze eskolako gune iraunkorrak ere martxan jarriko dira otsailean: hor parte hartzen duten kideek irakurketa feminista zerrenda interesgarria osatu dute. Datak eta irakurketak iragarrita daude liburuxkan, eta parte hartu ahalko da guztietan nahiz interesa sortzen duten hitzorduetan. Emakume migratuek ere izango dute tailer berri bat, “Loratzen” izenekoa, Marisol Abreurekin, haien artean elkartzeko, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa egiteko.

Zinema ziklo berria: Zinema Berbaldi Feministak

Egitarau orokorrean, zinema ziklo berri bat jarriko dugu martxan, Arantza Santestebanek gidatuta: Zinema Berbaldi Feministak. Ekimen honekin, zinearen bitartez, hausnarketa feministak egingo ditugu hainbat gairen inguruan. Filmak harri bitxiak izango dira, denon eskura, doan, Kulturaten Areto Nagusiko bi saioetan. Adi, hortaz, ziklo horretan eskainiko diren filmei eta horien inguruan izango ditugun aurkezpenei eta solasaldiei.

Martxoak 8ko egitarauak ere izango du bere tartea egitarauan: emakume baserritarren eta ekoizleen azoka izango dugu, martxoaren 9an. Bi liburu aurkezpen ere izango ditugu, eta ekimen horietan aukera izango dugu feminismoaz, literaturaz eta zaintzaren gaiez solas egiteko.

Aurretik, lehen hitzordu bat izango dugu: Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak “Arnas betean” filma aurkeztuko dute Amaia antzokian, eta hausnartuko dute emakumeek zinemagintzari egindako ekarpenaren inguruan. Udaleko Kultura sailaren laguntza duen ekimena dugu hau.

Izena emateko argibideak eta egitarau osoa jasotzen duen liburuxka etxeetara iritsiko da urtarrilaren 29tik aurrera, eta Emakume Txokoko eta Arrasateko Udaleko ohiko kanalen bitartez ere jaso ahal izango da informazioa.

Deskargatu hemen Emakume Txokoaren liburuxka, informazio osoarekin, eta izena emateko orriak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen