20 urteko ibilbidean zehar, Zinegoak erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean. Emakume Txokoaren Jabekuntza Eskolak maiatzaren 13an ‘Betaurreko binarioak apurtzen: aniztasunaz jabetzen’ tailerra eskainiko du.
Testua eta beheko kartela: Emakume Txokoa. Portadako kartela: Zinegoak.
Emakume Txokoak bi jarduera antolatu ditu maiatzean, sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzeko eta gizartean aniztasunarekiko begirada zabaltzeko.
Maiatzaren 9an, film laburren proiekzioa izango da, Zinegoak Hedapena programaren barruan, eta Emakume Txokoko Jabekuntza Eskolak ‘Betaurreko binarioak apurtzen, aniztasunaz jabetzen’ tailerra eskainiko du maiatzaren 13an.
Bilboko LGTBIQ+ Zinegoak nazioarteko jaialdia 2004an sortu zen, kultura, zinema eta arte eszenikoen bidez aniztasun sexualari buruzko sentsibilizazioa lantzeko helburuarekin, eta 20 urteko ibilbidean zehar, Zinegoak erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean.
Urte hauetan, Zinemaldiak presentzia izan du herrietan ere, Zinegoak Hedapena ekimenaren bitartez. Arrasatek, Emakume Txokoaren bitartez, hainbat urtez parte hartu du ekimen horretan, herrian ere aniztasunarekin eta kulturarekin lotutako edukiak eskaintzeko helburuarekin. Maiatzaren 9an, martitzenean izango da aurtengo emanaldia, 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian. Sarrera doakoa da.
Edizio honetan 7 film labur ikusi ahal izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, euskaraz eta gaztelaniaz. Hiru film euskal sorkuntzak dira eta euskaraz proiektatuko dira; gainerakoak Espainian, Libanon, Brasilen edo Iranen sortuak dira. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat izango da, Xabier Vallinak, LGTBIQ+ mugimenduko aktibista eta zinemagile arrasatearrak, gidatuta.
Aurtengo Zinegoak jaialdia ekainean ospatuko da, eta bertan emango diren filmen aukeraketa bat aurrez Arrasaten ikusi ahal izango dugu. Emakume Txokoak proiekziora hurbiltzeko eta kalitatezko zinema kritikoa ikusteko aukera aprobetxatzeko gonbita egin die herritarrei, LGTBIQ+ errealitate aniztasuna jorratuz.

Aurretik aipatu bezala, eta begirada hori zabaltzen jarraitzeko, Emakume Txokoaren Jabekuntza Eskolak ‘Betaurreko binarioak apurtzen: aniztasunaz jabetzen’ tailerra eskainiko du maiatzaren 13an, larunbatean, 10:00etatik 13:00era.
Tailer honetan, generoak eta desioak estereotipatzen dituzten betaurrekoen bidez mundua nola behatzen den aztertuko da modu kritikoan. Sexu- eta genero-aniztasunari buruz pixka bat gehiago jakin nahi dutenentzat gune bat da.
Tailerraren zuzendaria Udane Hermosilla Fernandez izango da, Histeria taldekoa. Prestakuntza doakoa da. Izena eman behar da Emakume Txokoan.