Emakume Txokoak maitasunaren inguruko hausnarketa proposatuko du

0
1661

Emakume Txokoak Maitasuna ez da nahikoa ikuskizuna eskainiko du urriaren 29an, ostegunean, 18:30ean, Arrasateko Musika Eskolako (JAME) auditorioan. Amorantek, Mari Luz Estebanek eta Itziar Garalucek sortutako emanaldiak maitasunaren inguruko gogoeta poetiko eta musikatu bat proposatzen du.

Ikuskizunak maitasun idealizatuaren ikuspegia alde batera utzi, eta pertsonen arteko harremanak, zaintza, aurreiritziak eta benetako maitasunaren gabeziak jartzen ditu erdigunean. Horrez gain, maitasun hitzaren erabileraz eta denborarekin haren esanahia nola higatu den hausnartzen du.

Aurten Loraldia jaialdian estreinatutako lana manifestu poetiko musikatu gisa aurkezten da, maitasun idealaren gainbehera ardatz hartuta. Proposamen eszenikoak hitza eta musika uztartzen ditu, ahotsa, soinua, argia eta irudia baliatuta.

Taula gaineko sormen-lanean, Mari Luz Estebanek sortu ditu testuak, Amorantek ondu du musika, eta Itziar Garalucek hartu du argien eta irudien ardura.

Emanaldia Emakume Txokoaren urriko agendaren barruan antolatu da, maitasunaren inguruan hausnartzeko eta harreman afektiboen inguruko ohiko ikuspegiak zalantzan jartzeko helburuarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen