Emakume Txokoak ikasturte berriari hasiera eman dio gaur arratsaldean. Ekitaldian, ‘Nik sinisten dizut‘ irakurraldi feministaren 2. edizioaren bideoa eskaini dute. Irakurraldi feministan parte hartu zuten pertsona batzuk ekitaldian izan dira. Emakume Txokotik azaldu dutenez, “ekimen honekin emakumeen ahotsa altxatu nahi dugu indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinen aurrean. Erreparaziorako eta errekonozimendurako gunea izan nahi du “.
Emakume Txokoak 20 urte beteko ditu aurten, eta urriaren 27an eta 28an ‘Elkarrirakuriz, zainduz, aktibatuz: Nahi Nora Nahi’ izeneko jardunaldi feminista egingo dute. Egun horietan hitzaldiak, tailerrak eta bazkari herrikoia egingo dira, baina egitarau zehatza aurrerago jakinaraziko da.

Ekitaldia amaitzeko, Yaima Orozco kantautore kubatarrak kontzertua eskaini du. Europan zehar egiten ari den biraren barruan, geldiunea egin du Emakume Txokoan. Yaíma Orozco (Santa Clara, 1980) bere belaunaldiko kantautore kubatar nabarmenetako bat da. Haren lana trobadore tradizioak elikatzen du, azpimarratuz generoaren alderdirik herrikoiena bereziki. Konposizioetan guajira, bolero eta habanera erritmoak darabiltza, baina tangoa, folklore latino-amerikarra, bossa-nova, eta rock eta jazz apur bat ere bai. Duela 20 urte baino gehiago Santa Claran, jaioterrian, sortu zen. La Trovuntivitis kantautoreen taldeko kidea da, eta haiekin jotzen jarraitzen du.
